ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin dute grebarako deia. Eta grebara deitu dituzte irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaileak, haurreskoletako langileak, sukaldari eta garbitzaileak. Ikasle Abertzaleek, aldiz, eguenerako deitu dute greba.
Lea-Artibain eta Mutrikun,
eskola publiko guztiek bat egingo dute grebarekin; gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituzte guztiek. Haurreskolen kasuan, Etxebarria, Ispaster eta Lekeition grebarekin bat egingo dute eta gutxiengo zerbitzuekin funtzionatuko dute. Bestetik, Markina-Xemein eta Ondarroako haurreskoletan ez dutela grebarik egingo esan dute.
Azken urteotan Iruñea eta Gasteizko “gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiak” salatzeko greba izango dela iragarri dute. Izan ere, diotenez, erabaki horiek guztiek “egoera larrian” utzi dute hezkuntza.
Greba eginez, Hezkuntza Publikoko lan badintzak hobetu eta berdintasuna eta heziketa integralaren bidean hezkuntza publikoa ardatz izango duen politika exijituko dute ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. “Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman beharreko urratsen egoera eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu berezian, larria da. Sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu egoera honi buelta eman eta gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea”.
Beste alde batetik,
Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko
elkarteak ere grebarekin bat egin eta mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. “Sortzenek mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dio hezkuntza komunitateari eta gizarte osoari, herriaren motorea den heinean, jendarte osoaren ardura eta betebeharra baita hezkuntza”.
Sindikatuek proposatzen duten hezkuntza sistema berri horren bidean “nahitaezkoa” da hezkuntza publikoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan baldintzak nabarmen hobetzea. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko ondorengo neurriak exijitzen diete gobernu arduradunei:
- Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzea, eta Nafarroan 900 langiletan.
- Bataz beste, ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu. Horrela, Nafarroan 1.800 lanpostutik gora egonkortuko lirateke eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 6.000tik gora (kolektibo ezberdinetan).
- Gelako ikasle kopurua %10 murriztu.
- Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu.
- Ordezkapenak lehen egunetik egitea exijitu.
- Bajak bere osotasunean ordaintzeko eskaera, “gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz”.
- Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.