Umoretsu etorri da Izarbidean elkartearen ospakizun ekitaldia
Zorioneko eguna izan zen zapatukoa Izarbidean elkartekoentzat eta haien gonbidapenari erantzunda bertso bazkarian parte hartu zutenentzat. Markina-Xemeingo alde zaharrean triki-poteo kalejiran bildu ziren lehenengo, eguerdi partean, eta urratsez urrats...
Giro ezin hobea izan zuten bazkaritan Antsotegin bazkaldu zuten 60 lagunek, eta umore eta konplizitate momentu asko. Postrearen ostean, bertso saioa: Iratxe Ibarrak eta Andoni Egañak hartu zuten mikrofonoa, eta lehen bertsoetan oso presente izan zituzten Maialen, Edorta edota Josetxo. Azken horrek bertsorako tartea ere hartu zuen. Barre algararik ez zen falta izan bertsorik bertso.
Ekimenak urte osoan
Zapatukoa elkartearen Topagunearen 10. urteurreneko lehen ekintza izan zen. Ekainaren 17an izango dute ospakizun egun handia, eta hitzordu hori ailegatu bitartean, herritarrei zuzendutako kirol ekitaldi, mendi irteera eta beste hainbat ekintza antolatuko ditu Izarbideanek herriko talde eta elkarteekin batera. Helburua elkartea ezagutzera ematea da, herritarrekin bat egitea, bide berriak eraikitzeko.