Apirilaren 1etik aurrera, martxan egongo da berriz Gaztegunea
Lekeitioko Udalak haur eta gazteei zuzendutako aisialdi zerbitzu eraberritua eskainiko du apirilaren 1etik aurrera. Kidegune eta Gaztegunearen aisialdiko ekintzak burutzeagaz gain, gazteentzako topagune izatea bultzatuko dute.Udalak jakitera eman duene...
Udalak jakitera eman duenez, Suspergintza elkarteak eskainiko du aisialdi zerbitzua. Ekainaren 11ra arte emango dute hasteko, uztailean udalekuak egongo dira, eta irailaren 16tik abenduaren 30era arte jarraituko dute.
Zapatu eta domeka arratsaldetan eskainiko dute zerbitzua, adinaren arabera eta ordutegi ezberdinetan banatuta. Horrela, Kideguneak talde bi izango ditu: 6-8 urte bitartekoak eta 9-11 urte bitartekoak. Gazteguneak berriz, 12 urtetik gorakoak.
Oporraldietan zerbitzuaren ordutegiak egokitu egingo dituztela zehaztu du udalak. Apirilaren 18tik 21era eta abenduaren 26tik 29ra ere aisialdi zerbitzua eskainiko dute. Apirilaren 15ean 16an eta abenduaren 24an eta 31n, berriz, ez da zerbitzurik emango.
Zerbitzuak gazteen protagonismoa izango du ardatz.
Gurasoak, pozik
2016ko irailean Gaztegune eta Kidegunea zarratu zutenetik Lekeitioko Udalagaz batzartzen egon da herriko guraso talde bat, ume eta gazteentzako leku eta zerbitzu bat lortu nahian. Gazteguneko obrak zirela eta, herriko talde batek eramaten zuen zerbitzuaren kontratua amaitu zuen udalak, eta ordutik aukera ezberdinak aztertzen ibili dira. «Nahiz eta ume eta gazteek negu osoa elkartzeko leku barik pasatu duten, pozik gaude zerbitzua martxan jarri, eta alkateak agindu zuen bezala, bertara joango diren ume guztiei leku bat eskainiko zaielako», adierazi dute.
Hala ere, penaz ere agertu dira gurasoak herriko talde bat aurkeztu den arren, azkenean, kanpoko enpresa batek umeen aisialdi zerbitzua eraman duelako.