Guztira, %79,73koa izan da erabileraren emaitza. Baina adin tarteka egin dira neurketak, eta horietan, desberdintasunak daude. Adin tarteka begiratuz, emaitzarik onenak haur eta gazteen taldean daude (%92), eta hori oso positibotzat jo dute. Helduen artean datua %73koa da, eta nagusienen artean %76,5 dira euskaraz ari zirenak.
Dena den, datuak ezin direla datu huts moduan interpretatu gogorarazi dute, atzean dauden zergatiak errepasatu behar direla. «Joerak dira begiratu behar direnak eta horien atzean dauden arrazoiak», esan dute euskara zerbitzukoek.
«Aurrekoekin konparatuz, azken neurketan uhin suabe dago: ume eta gazteen joera goranzkoa da, baina heldu eta nagusiena pixkat beheranzkoa». Beherakada txiki horren interpretazioa azken urteetako joera orokorrari begiratuz egin behar da. «Azken urteetan elebiduntzeko joera dago», esan dute. Egiten diren politika orokorrek herri erdaldunak euskalduntzera bultzatzen dituzten heinean, herri euskaldunetan ere eragina daukatela adierazi dute. «Joera hori antzeman eta erne ibili behar gara.
Bestetik, neurketak eurak ere «kontuz» begiratu behar direla esan dute, hainbat faktore batzen direlako horrelakoetan. «Gertatu izan da ezagutza mailatik gorako datuak agertzea, eta hori ezinezkoa da», diote.
Azken azterketa honi dagokionez, gainera, 2011ko kale neurketan 7.000 elkarrizketako lagina erabili zen, eta 2016an 4.600goa. «Beraz, ez dira konparagarriak datuak», azaldu dute, «orientaziorako erabili behar ditugu».
Ondarroako kale erabilera datuak. Udaleko Euskara Zerbitzua.
Azterlan berria martxan. Udaleko euskara zerbitzuak jakin eragin duenez, laster azterlan bati ekingo diote Hiznet graduondoko ikasle bik, biak, UEMAko teknikariak. Udalak lagundu egingo du azterlana martxan jartzen eta galdetegiak zabaltzen. Azterlana Ondarroan eta Bermeon zentratuko da, eta hizkuntzen erabileran zein faktorek eragiten duten atera nahi dute. Izan ere, herri biak euskaldunak izanik, joerak oso desberdinak dira. Parte hartzeko aukera egongo da Internet bidez bete ahal izango den galdetegi bat betez.