Aurten ere, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen duten Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarietan nagusitzea lortu dute bertoko gazteek. 10 eta 13 urte bitartekoen sariak banatzeaz gain, aipamen bat ere egin dute. Eta hori, hain zuzen ere, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako Elene Etxaniz Uriberentzat izan da;
Etxanizek Muxu gaziak lanagatik jaso du aipamena. Gernika-Lumora ere joan da sarietako bat, Seber Altube ikastolako Izar Arronategi Mugeta nagusitu baita 10 eta 13 urte bitartekoen artean, olerkiaren alorrean.
Aipatu sariek
idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu, eta horretarako antolatzen da urtero-urtero literatur lehiaketa. Bertan, Euskal Herriko neska-mutilek parte hartzen dute; aurten, esaterako, Lea-Artibai eta Busturialdeko ondoko ikastetxeetatik aurkeztu dira lehiaketara: Ondarroako Zubi Zahar ikastola (1), Zaldupe eskola publikokoa (3), Lekeitioko BHI (1), Arratzuko Barrutialde Institutua (1) eta Gernika-Lumoko Seber Altube ikastola (28).
2016ko R.M. Azkue Literatur Sarietako irabazleak; Elene Etxaniz erdian dago, Andres Urrutiaren aurrean. Argazkia: Euskaltzaindia.
Guztira, 175 lagun izan dira 2016ko lehiaketan parte hartu duten ikasleak, eta kopuru horri garrantzia eman dio Euskaltzaindiak, “handia delako”. Zehaztu duenez,
aurreko urteagaz alderatuta bikoiztu egin da parte hartzaileen kopurua –2015ean 88 parte hartzaile aurkeztu ziren lehiaketara–.
Hala, literatura eremuko pertsona adituek osatutako
epaimahaiak idazle
gazte horiek «berritzaile izateko duten gogoa» nabarmendu du, eta, era berean, aurtengo lehiaketara aurkeztu dituzten lanen kalitatea ere azpimarratu nahi izan du.
Urtero legez, bi genero saritu dituzte aurten ere: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzeko parte hartzaileek, halaber, bi mailatan banatuta parte hartu dute: A mailan, 10 eta 13 urtera bitarteko gazteak batu dituzte, eta B mailan, 14 urtetik 17 urtera bitartekoak.
Gainontzeko sariak aurten Oiartzun, Ziburu, Irun, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Altsasu eta Mungiako ikasleek jaso dituztela jakitera eman du Euskaltzaindiak.