Irakurketa sustatzeko ekimena jarri dute martxan
Ondarroako Udalak Irakurri, gozatu eta oparitu, 1001 mundu egitasmoa jarri du martxan herritarren artean irakurketa sustatzeko. Horrez gain, euskarazko literatura ezagutaraztea ere helburu du egitasmoak, baita ere liburutegiaren erabilera bultzatzea.Ek...
Ekimena asteon jarri dute martxan, eta maiatzaren 31ra arte egongo da parte hartzeko aukera.
Udalak jakin eragin duenez, hiru pauso eman behar dira ekimenetan parte hartzeko: lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Beraz, liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu jaso ahal izango da maileguan eroateko.
Bigarren pausoa irakurketaz gozatzea da, hau da, liburua irakurtzea. Ostean, liburutegira itzuli, eta bertan fitxa labur bat bete beharko da liburuari buruz. Hori egindakoan, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dio irakurleari, eta Zurrumurru eta Idiakez liburu dendetan erabili ahal izango du. Txekeagaz euskarazko edozein liburu %35 merkeago eskuratu ahalko da.
Azken pausoa liburua oparitzea da: lagunen bati, senideren bati, edota norbere buruari.
Gustukoenak aukeratuz
Irakurketa sustatzeko ekimenaren bueltan, beste ekintza bat ere antolatu du udalak, Ondarroako ikastetxeekin elkarlanean. Ekintza horren baitan, ume zein gazteek euskaraz idatzitako libururik gustukoena aukeratu ahalko dute; idazlea ez eze, ilustratzailerik gustukoena zein duten ere zehaztu ahalko dute.
Aukeraketa bozka bidez egingo dute herriko ume eta gazteek. Horretarako bozka eguna apirilaren 26an jarri dute, aste horretan bertan, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela kontuan hartuta.