Kalitate handiko lanak literatur lehiaketan
Lizeo antzokia ikaslez bete zen barikuan, 2016-2017 ikasturteko literatur sariketa ekitaldian. 412 ikaslek idatzitako lanak batu ditu aurten Gernika BHI institutuak; finalista eta irabazleak oholtza gainera igo ziren barikuan.Literatur lehiaketaren sar...
Lizeo antzokia ikaslez bete zen barikuan, 2016-2017 ikasturteko literatur sariketa ekitaldian. 412 ikaslek idatzitako lanak batu ditu aurten Gernika BHI institutuak; finalista eta irabazleak oholtza gainera igo ziren barikuan.
Literatur lehiaketaren sari banaketa egin du Gernika BHI Institutuak. Urtero legez, Lizeo antzokian batu ditu ikasleak, 2016-2017 lehiaketako sari banaketa ekitaldian. Barikuan egin zuten, eta, bi orduko ekitaldian, bertsoak, kontzertuak, proiekzioak eta beste eskaini zuten.Guztira, 412 ikasle aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta kategoria bakoitzeko finalistak eta irabazleak deitu zituzten barikuan oholtza gainera. Horiek guztiek, gainera, beren lanak biltzen dituen idazlan koadernoa hartu zuten.
Prosan eta poesian, hiru kategoriatan banatu dituzte ikasleen lanak: A kategorian bildu dituzte batxilergoko eta Heziketa Zikloetako ikasleen lanak; B kategorian DBH 3 eta 4. mailakoenak eta C kategorian DBH 2. mailako ikasleenak.
Lanen aukeraketa irakasleek osatutako epaimahai ezberdinek egin dituzte. Haien izenean, Teresa Zaballak hitz egin zuen barikuan, eta lanen aukeraketa zenbait kasutan zaila egin zaiela azaldu zuen. Konkretuki, A kategoriako lanen maila ona azpimarratu zuen Zaballak barikuko ekitaldian. «Oso ondo idatzita egon dira, ondo landuta eta dokumentazio lana ere nabari izan da», aipatu zuen.
Sariak baino gehiago
Barikuko sari banaketa ekitaldian, baina, sariak banatzeaz gain, bideo proiekzioak, musika, kantuak, bertsoak eta abar bildu dituen egitarauagaz gozatzeko aukera ere izan zuten ikasleek. Segundo Olaeta Musika eskolako zuzendari Jon Carrilloren gidaritzapean, ikasleekin osatutako musika bandak Xalbadorren heriotzean abestia jo zuten saioaren hasieran. Institutuko bertsolaritza taldekoek ere parte hartu zuten, bertsoak kantatuz sari banaketarekin hasi orduko.
Horrez gain, insititutuko bi ikaslek kontzertu txiki bat ere eskaini zuten literatur lehiaketaren sariketa ekitaldian. Ander Azkarai gitarran eta June Otxandio ahotsean, Zapalduen olerkia eta Zenbat min abestiak entzuteko aukera izan zuten Lizeoan bildutakoek.
Ekitaldiaren amaiera aldera, bertso saio laburra ere egin zuten barikuan. Iñaki Aurrekoetxea irakaslearen aginduetara bertsotan aritu ziren Beñat Bilbao eta Julen Karrion bertsolariak.