Zinegoak Hedapena gaur iritsiko da Bermeora
Bigarren urtez, Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdian parte hartu duten zenbait proiekzio ikusi ahalko dira Bermeon, Zinegoak Hedapena programari esker.Bi emanaldi eskainiko dituzte: gaur izango da lehenengoa, eta bigarren...
Bi emanaldi eskainiko dituzte: gaur izango da lehenengoa, eta bigarrena datorren eguaztenean (martxoak 29) izango da, hain zuzen ere. Nestor Basterretxea aretoan izango dira emanaldiak, 19:30ean. Sarrerak doakoak izango direla esan dute.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osora Zinegoak jaialdian proiektatutako lanen hautaketa bat zabaltzen laguntzen duen programa da, hain zuzen ere, Zinegoak Hedapena. Aurten, 30etik gora udalerrik proiektatuko dituzte Zinegoakeko filmak.
Gaur, film laburren emanaldia izango da, eta bertan 14. Zinegoak jaialdian aurkeztutako film laburrak jarriko dituzte ikusgai, euskarazko eta gaztelerazko azpitituluekin.
Parte hartzeko deia
Honako film laburrak jarriko dituzte gaurkoan: En Aften (Danimarka, 10 minutu), En la azotea (Espainia, 12 minutu), Gabber Lover (Frantzia, 13 minutu), Mamma vet bast (Suedia, 13 minutu), Siempre fui Alex (Espainia, 6 minutu), Take your partners (Erresuma Batua, 11 minutu) eta Victoria Rosana Maite (Txile, 24 minutu). Horietatik guztietatik Take your partners film laburra nabarmendu gura izan dute, Zinegoak jaialdiaren Gazteen Saria jaso baitu.
Martxoaren 29an, berriz, Zinegoak jaialdian estreinatutako Rara filma ikusteko aukera edukiko dute Nestor Basterretxe aretora bertaratzen direnek. Txile eta Argentinaren arteko produkzioa da Rara, eta martxoaren 24an estreinatuko da Euskal Herri osoko zinema aretoetan.
Bermeoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu Zinegoak Hedapena programan parte hartzera.