86 odol-emaile omenduko dituzte Lekeition
Azken bost edo sei urteetan Lekeitioko unitate mugikorrean 20 bider odola eman duten emakumeei eta 25 odol emari egin dituzten gizonezkoei esker ona erakutsiko diete zapatuan, 12:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. 86 odol-emaile daude deituta, lekei...
Azken urteetan omenaldirik egin barik egon dira, baina aurten odol-emaile talde handia batuko da, 86 hain zuzen. Horietatik guztietatik batzuk ezin izango direla ekitaldian egon azaldu du Xabier Txakartegi Lekeitioko Bizi Iturri odol-emaileen elkarteko lehendakariak. Bakoitzari diploma bana banatzeagaz gainera, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Bizkaiko Odol-Emaile- en Elkarteko zuzendariak hitz egingo dutela aurreratu du, eta, ondoren, mokadutxoa hartzeko aukera edukiko dute guztiek batera, eskainiko duten otordu txikian.
400 odol emaile
Xabier Txakartegik jakitera eman duenez, 400 bat odol-emaile daude Lekeition, hala ere, gaixotasunak direla eta, adibidez, horiek guztiek ezin izaten dute beti odola eman. «Negu partean katarro asko egoten dira, eta hori eragozpena izaten da», azaldu du. Horregatik odol-emaileen garrantzia azpimarratu du Bizi Iturriko lehendakariak. «Jarraian eta zintzotasunez odola ematen duten pertsona horiei eskerrak eman eta egiten den lana bistaratu nahi dugu, jende gehiago ere animatzen joateko».
Txakartegik gogora ekarri duenez, Lekeitioko taldea sortu zela 44 urte beteko dira maiatzean. «Basurtoko ospitalekoak etorri ziren, eta talde txiki bat osatu zen». Ordutik aurrera, badago odola emateko aukera Lekeition. Hilero etortzen da unitate mugikorra; negu partean osasun etxean egoten da, eta ekainetik aurrera, plazan.
Bariku Santuan ere, plazan jartzen dute unitate mugikorra odol-emaileen ekarpena jendarteratzeko. «Prentsan irakurri nuen, orain dela gutxi, odola beharrezkoa dela, baina ezin dela fabrikatu. Eman egin behar dugu beraz, ezin da-eta sortu», esan du Bizi Iturriko lehendakariak.
Barikuan bertan egongo da Lekeition odola emateko aukera. Ohi bezala, osasun etxean egongo da unitate mugikorra, 17:00etatik 20:30era, odol-emaileen zain.