Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko proiektua, Ispasterren
Bestalde,bigarren hiruhilekoan bi ekintza solidario egitea da haien asmoa. Momentuz, sahararrei laguntzeko ekimena dute esku artean. 2009tik Ispasterko herria Saharako Farsia herriagaz senidetuta dago, eta hango eskola umeentzat materiala erosteko dirua lortuko dute ekintzaren baten bidez. Haien irudimenetik, eta hausnarketa eginez besteei laguntzeko modua zelan lortu ahal duten pentsarazi diete, eta esaterako, pultserak egiteko proposamena egin dute dagoeneko zenbait umek. Beste elkartasun ekintzagaz, berriz, minbizia duen Lekeitioko eskolako ume bati lagundu nahi diote. Zabala urtero joaten da Saharara, eta apirilaren 7an abiatuko da hara. Aurreko astean eskolan elkartuta hango errealitatea eta bizimodua erakusteko aurkezpen bat egin zuen. Hango beharrizanen berri eman zuen, argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoagaz lagunduta. Eskolako ume eta irakasle guztiak eta guraso eta aiton-amon batzuk batu ziren, eta denek adi-adi jarraitu zuten aurkezpena. Errespetua eta begirunea. Hain zuzen ere, umeek zelako errespetua adierazten duten azpimarratu du Ispasterko Herri Eskolako irakasleak: “Saharari buruz berba egiteko Maite etorriko zela jakin zutenean, jakin-minez galderak egiten hasi zitzaizkigun. Saioan oso formal eta adi egon ziren, bi urteko umeetatik hasi eta seigarren mailara artekoek aho zabalik jarraitu zuten saioa. Ordu eta erdi egon ginen, eta ez genuen astirik eduki prestatu zuen dena ikusteko”. Datozen egun eta asteotan eskolan gaia landuko dute, eta bi eskolen arteko harremana sortu nahi dute. Horretarako, umeen marrazki, argazki edota euskarazko berbekin osatutako lanak eroango ditu Zabalak. “Hemengo umeek nahi dutena daukate; han zelako pozik bizi diren ezer eduki barik erakustea beharrezkoa da. Hori da mezua, zelan ez den askorik behar pozik bizi izateko, eta hemen asko edukita ere batzuetan ez garela asetzen. Haiei hausnarketari hori eragitea garrantzitsua da”, azaldu dute. “Gure garaian ez genuen halako gauzarik egiten. Eta haiek gurearen aldean zelako kultura duten ikustea ikaragarria da. Umetatik barruan sortzen zaien solidaritatea izugarria da; beste balore batzuk erakusten zaizkie umetatik eta hori asko eskertzen dugu gurasook. Zelako baloreetan hezten ditugun gaur egun eskolan egiten duten behar itzelari esker”, zehaztu du Gorroñok. Saharatik bueltan Zabala eskolara joango da, han bizitakoa kontatzera: “Bertara joan eta bizitzea beste gauza bat da; ni abenduan joaten naiz, iaz ezin izan nuen joan, eta falta itzela igarri nuenez, aurten Aste Santuetan joatea erabaki dut. Han ikusten duzunagaz beste modu batera zatoz. Hango emakumeek ematen dizkizuten besarkadak inork ez dizkizu sekula eman. Behin doana beti bueltatzen da; oso esperientzia gogobetegarria da. Aberatsa da zentzu askotan”. 2011an herriak Ainhoa Artetari egindako omenaldian ateratako diruagaz saharar emakumeekin lau kooperatiba sortu zituzten. Orduan ereindako hazitik hogei kooperatiba martxan izatea lortu dute. Dena dute idatzita. Esaterako gutxienez lau kooperatibista izan behar dira.?Horietatik bat behintzat nagusia izan behar da, kultura eta ohituren transmizioa bermatzeko. Proiektuagaz hasiberriak dira; gustora dabiltza eta momentuz lortutako emaitzekin pozik daude. Hirugarren hiruhileko ekintza oraindik ez dute zehaztu, baina ideiak badituzte. “Izan liteke sendabelarren inguruko ikastaroren bat egitea. Horri buruz asko dakien amona bat dugu, eta herriko gazte batek ukenduak egiten ditu”. Egitasmoagaz jarraitzeko gogotsu daude, eta elkarlanean aurrera jarraitzeko konpromiso argia erakutsi dute guztiek.Orain elkartasun ekimena lantzen ari dira ume sahararrei laguntzeko