Apirilaren 2an erabakitzeko eskatu die GED-k herritarrei
Gernika-Lumon eta Bermeon agerraldia egin zuten zapatuan. Eskualdeko bi herri nagusienetan botoa ematera joateak daukan garrantzia azpimarratu dute«Arrazoi ezberdinengatik eta denon artean erabaki nahi dugulako herri galdeketagaz. Adinez nagusiak gara...
Gernika-Lumon eta Bermeon agerraldia egin zuten zapatuan. Eskualdeko bi herri nagusienetan botoa ematera joateak daukan garrantzia azpimarratu dute
«Arrazoi ezberdinengatik eta denon artean erabaki nahi dugulako herri galdeketagaz. Adinez nagusiak gara, badakigu zer nahi dugun». Bermeoko Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidea gauzatzera deitu zituen herritarrak zapatuko ekitaldian. Beste horrenbeste egin zuen Gernika-Lumoko Gure Esku Dago-k, hainbat herritarren babesagaz egindako agerraldian. «Guztion artean osatzen dugu Busturialdea, eta etorkizunean ere bertako parte izan gura dugu».Apirilaren 2an erabakitzeko eskubidea dute herritarrek, eta botoa ematera joateak duen garrantzia azpimarratu zuten eskualdeko ekitaldietan. Hala, herri galdeketarena proiektu oso demokratikoa, arrazoizkoa eta legitimoa dela azpimarratu zuen Bermeoko Gure Esku Dago-k: «Gure mugimendua eraikitzailea da, eta demokrazian sakontzen du. Horregatik, guk esango dugu zer izan nahi dugun». Apirilaren 2an herritarrei galdetuko diena «argia» dela esan dute: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? Hori izango da Bermeon egingo duten galdera, eta erantzuna ere sinplea dela esan dute: bai ala ez.
Galdera berari erantzun beharko diote gernikarrek ere. Herri horretan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera 14.254 herritarrek dutela esan zuten.
Duela 80 urte espainiar estatuaren aginduz herria eta herritarrak bonbardatu zituztela ere gogora ekarri zuten. Orduan gernikarren ahotsa isilarazten saiatu ziren arren, herria berreraikitzea lortu zutela eta etorkizunaren eraikuntzan parte hartu gura dutela azpimarratu zuten. «Horrexegatik, apirilaren 2an erabakiko dugu. Busturialdea ere Euskal Herriaren parte den neurrian, estatu independentea edo orain arteko lotura gura dugun erabakiko dugu», esan zuten.
Independentzia, sanoagoa
Dependentzia eta independentziaren arteko aldea izugarria delako, bermeotarrek botoa eman behar dutela esan zuten Taraskako arkupeetako oholtza gainetik. «Guk ez dugu inor menpean hartuko, baina gu ere ez gaitu inork menpean edukiko». Independentzia dependentzia baino sanoagoa dela esanez, erabaki hori hartzea herritarren esku dagoela azpimarratu zuten. «Herritarrek eskura duten ahalmena gauzatu behar dute, eta herri mugimendu honetan parte hartu».
Gure Esku Dago-k «kolore guztietako» jendea mobilizatu nahi du, eta galdeketan zergatik parte hartuko duten eta baiezko botoa zergatik emango duten ere ezaldu zuten 11 bermeotarrek ekitaldian.
Gernikarrek ere parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten: «Apirilaren 2an emaitza ez dela garrantzitsuena izango, parte hartzea baizik». Horregatik, botoa ematera gonbidatu zituzten horretarako eskubidea duten herritar denak.
Era berean, apirilaren 2an zein aurrerantzean egingo diren herri kontsultei babesa eman, eta batera jotzearen garrantzia aipatu zuten: «Denok batera herri bat gara, eta izan nahi dugu».
Izan ere, herri mugimendua ez da apirilaren 2an amaituko. Eta Bermeoko GED-k esan zuenez, prozesua eraginkorra izan dadin, aurrerantzean ere bultza egin behar zaio. «Herria mindu barik eta borondateak elkartuta. Iragana ahaztu barik, herri progresista, gizarte plurala, askea, feminista, berdea eta demokratikoa eraikitzeko bidea har dezagun, guk erabakita. Herria libre izango den Euskal Herri batean bizitzeko».
Hitzaldia Bermeon
Bestalde, martxoaren 30ean, Katalunia eta Euskal Herria izenburupean hitzaldia emango dute ANCko Fermi Rubiralta i Casasek eta Abel Muniategi Elorzak. Bermeoko Nestor Basterretxean izango da hitzaldia, 19:30ean, eta bertara joateko deia egin du Gure Esku Dago-k.