Azken jardunaldira, hirugarren postua ziurtatuta
Lointek Gernika Bizkaia 78-64 nagusitu zaio Mann-Filterri ligako etxeko azken partidan. Azken jardunaldiko neurketa denak zapatuan 19:00etan jokatuko dira2016-2017 denboraldiko etxeko azken jardunaldian sailkapeneko hirugarren postua ziurtatu du Lointe...
Lointek Gernika Bizkaia 78-64 nagusitu zaio Mann-Filterri ligako etxeko azken partidan. Azken jardunaldiko neurketa denak zapatuan 19:00etan jokatuko dira
2016-2017 denboraldiko etxeko azken jardunaldian sailkapeneko hirugarren postua ziurtatu du Lointek Gernika Bizkaiak. Zapatuan 78-64 irabazi zion Mann-Filter taldeari.Beste behin defentsan sendo, eta zenbait erasoko jokalditan erakustaldia emanez jokatu zuten etxekoek. Jendetza batu zen Malosten, denboraldiko beste partidetan legez, giro ezin hobea sortuz.
Partida hasiera ez zen beste askotan bezain indartsua izan. Mokango izan zen lehen minutuetako protagonista. Gogotsu ekin zion lehiari; ia hiru jokaldi jarraian burututa, zertarako gai den erakutsi zien aurkariei. Partida hasi eta bi minutura, 8-0ko markagailuagaz zeuden, eta hurrengo minutuetan ere etxekoak nagusitu ziren kantxan. Horren adierazle da talde zaragozarrak lehen laurdenean soilik 8 puntu eskuratu izana.
17-8ko markagailuagaz hasi zuten bigarren laurdena. Mann Filterreko jokalariak estu hartu zituzten etxekoek, eta defentsa lan bikaina erabakigarria izan zen. Baina defentsan bakarrik ez, erasoan ere asmatu zuten talde gernikarrekoek. Ondorioz, neurketa ia erabakita zeukatela heldu ziren atsedenaldira. Talde lan indartsua burututa, 23-11ko partzialari esker, 40-11ko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Atsedenaldiaren ostean ere erritmo eta intentsitate bera mantendu zuten Malostekoek. Saskiratzeetan asmatuz eta ia huts egite barik, kontzentrazioa galdu barik jokatu zuten etxekoek. 30 puntuko aldeagaz heldu ziren azken txanpara (64-33). Mann Filterrekoek ez zuten partida galdutzat eman. Amorerik eman gabe, 31 puntu pilatu zituzten azken laurdenean.
Zapatuan, Galizian
Emakumezkoen Ligaren 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldiko partida guztiak zapatuan 19:00etatik aurrera lehiatuko dituzte. Gernika-Lumoko taldeak Star Center-Uni Ferrolen kantxa bisitatuko du.