Bermeoko eta Ondarroako euskararen erabilera eta joerak aztertzen ari dira
Herritarren laguntasuna eskatu dute aztertzaileek; horretarako, galdetegi bat bete behar da. Uemako teknikariak ari dira azterketa egiten, Hiznet graduondokoaren bidezAzkenengo urteetan udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera soziala...
Herritarren laguntasuna eskatu dute aztertzaileek; horretarako, galdetegi bat bete behar da. Uemako teknikariak ari dira azterketa egiten, Hiznet graduondokoaren bidez
Azkenengo urteetan udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak eduki duen bilakaera aztertuko du Uemak. Horretarako, udalerri bi aukeratu dituzte: Ondarroa eta Bermeo.Herri biak arrantzari lotutako Bizkaiko udalerri euskaldunak dira, baina bakoitzean dauden joerak oso desberdinak dira. Helburua, euskararen erabileran beheranzko joera modu azkarrean doan herrietan zer gertatzen den jakitea da. Herri horietako bat da Bermeo.
Alderantziz gertatzen da, ostera, Ondarroan: hizkuntzaren gaitasunari zein erabilerari heldu dion udalerria da.
Biak aztertu, eta zergatiak azaltzen ahaleginduko dira azterlanagaz.
Informazio bilketa
Metodo desberdinak erabiliko dira azterlana egin ahal izateko. Alde batetik, datu bilketa egiteko teknika kuantitatiboa erabiliko da. Hortik laginketa egin, eta herritarren egunerokotasuneko hizkuntza ohiturak aztertu nahi dituzte.
Hori osatzeko, herritarren laguntasuna eskatu dute arduradunek, eta Ondarroako eta Bermeoko bizilagunei galdetegi bat betetzeko eskaria egin diete. Galdetegia HITZAren webgunean topa daiteke.
Alde kualitatiboa ere aztertuko dute. Horretan sakontzeko, elkarrizketak eta talde eztabaidak ere egingo dira.
Gainera, errolda datuak, ezaugarri geografikoak, migrazioaren aldaketak, turismo datuak, ekonomia eredua, ekipamenduak, komunikazioa eta bestelako datuak ere erabiliko dituzte azterketa osatzeko.
Aztertzaileak Uemako teknikari bi dira. Hiznet graduondoko sakontze egitasmorako ari dira azterlana egiten, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren laguntzagaz.