Lapiko eta putxerek hartuko dute Alde Zaharra
Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta, Bermeoko Alde Zaharrak lapiko eta putxera txapelketa hartuko du zapatuan, bigarrenez. Parte hartu gura duten horiek zapatuan bertan eman beharko dute izena; 10:00etan, Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean. Hal...
Iaz egin bezala, aurten ere, hiru motako indabak prestatzeko aukera izango dute parte hartzaileek: tolosarra, pinta edo nabarra eta Bizkaiko tolosarra. Indabaz gain honako osagaiak onartuko dituzte: patatak, barazkiak, urdaia, txorizoa, odolostea, txarri produktuak, saiheskia eta behi magala.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da derrigorrezkoa osagai guztiak erabiltzea. Txorizoa, odolostea eta urdaia dira derrigorrez erabili beharrekoak.
Kilo bat
Indabak lapikoan egin beharko dituzte, derrigorrez; presioko lapikoetan egindakoak kanporatu egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Aurkeztu beharreko gutxieneko kantitatea kilo bat izango da, eta parte hartzaileek lapikoak prest eduki beharko dituzte 13:00ak eta 13:30ak bitartean. Ordu horretan aurkeztu beharko dituzte txapelketarako prestatutako lapikoak.
Kalean prestatu beharko dira indaba lapikoak; etxetik zer edo zer prestatuta eroateagatik kanporatu egingo dituzte parte hartzaileak. Gasa, ikatza zein egurra erabilita prestatu ahalko dira lapikoak.
Txokoetan prestatzeko aukera ere badagoela azaldu dute, betiere, antolatzaileen kontrolpean baldin badaude.