Marta Amonarriz Mutrikuko Turismo teknikaria:
Boluntario asko behar izaten dira Berdel Eguna antolatzeko. Nola antolatzen zarete?
Bilerak egiten ditugu egunaren aurretik, eta bertan ematen dira azalpenak. Aurten bilera bi egin ditugu. Deialdi irekiak izaten dira, nahi duten herritar guztiek daukate etortzeko aukera. Baina bilerara etorri ezin dutenek ere eman dezakete izena, Turismo Bulegoan.
Zeintzuk izaten dira boluntarioek egin behar izaten dituzten lanak?
Lan desberdinak egoten dira egiteko, bai jai egunean bertan, bai eta aurretik ere. Astean arraina garbitu, egosi, parrilak prestatu…, lan handia egoten da egiteko. Boluntarioetako asko esperientziadunak izaten dira, arrain munduan lan egin dutenak, arrantzale familiakoak… Baina beste batzuk esperientziarik gabe etorri ziren lehenengoz, eta denborarekin joan dira ikasten. Esperientzia eduki zein ez eduki, esku bi gehiago pila bat eskertzen dira lanerako, zeregin asko egoten dira, eta denok izaten gara beharrezkoak.
Eta egunean bertan gehiago behar dira?
Goizean muntaketa egin behar izaten da: mahaiak ipini, parrilak, barren muntaketak… Arratsaldean, berriz, arraina erre, pintxoak egin, marmitakoa berotu, tabernetan zerbitzatu, barretan… barra bi egoten dira: atzekoan pintxoak egiten ditugu, eta aurrekoan zerbitzatu egiten dira. Beraz, tarte horretan behar izaten dira boluntarioak beharrerako.
Zenbat boluntario dira antolakuntzan parte hartzen dutenak?
Asko dira. Astean egoten diren lanetan 30 lagun inguru ibiltzen dira. Baina egunean bertan gehiago behar izaten dira. Goizean 30 boluntario inguru joaten dira muntaketa lanetarako. Arratsaldean behar izaten dira lagun gehien, mugimendu handiena orduan egoten delako. Guztira, 100 boluntario baino gehiago ariko dira lanean Berdel Egunaren bueltan, eta hori, horrelako herri txiki batean, asko da.
Eta gehienak mutrikuarrak, ezta?
Bai, mutrikuarrak edo Mutrikurekin zerikusia dutenak. Adibidez, aurten badaude batzuk Zarauztik datozenak. Badago Frantziatik urtero etortzen den emakume bat ere. Mutrikurekin loturaren bat daukatenak dira, baina etorri egiten dira urtero-urtero, eta eskertzekoa da. Beste boluntario gehienak herrian bizi direnak dira, bai.
Gazteak animatu nahi dituzue boluntario beharretara.
Bai. Gazteak, jende heldua… Guztiak dira ondo etorriak. Jaiari jarraipena emateko beharrezkoa da antolakuntzan belaunaldi berria sartzea. Gaur egun, lehenengo Berdel Egunean parte hartu zuen jendeak ere jarraitzen du lanean, eta 22 urte asko dira. Horregatik, herritarrak animatu nahi genituzke antolakuntzan parte hartzera. Jaia barrutik bizi izaten ere ondo pasatzen da; beste era batera ikusten da eguna. Gure artean ere giro ona egoten da, eta oso ondo pasatzen dugu lanean.
Boluntariorik barik ezingo litzateke Berdel Egunik egin, ezta?
Gaur egun ezagutzen dugun modukorik ez, behintzat. Eta gainera, jai egunak asko galduko lukeela uste dut. Azken finean, jai hau herritik atera zen, herriarentzat, eta arrantzari bultzada emateko. Hor jarraitzen badu horregatik da, jaia herritarrena delako. Lan horregatik guztiagatik eman nahi dizkiegu udaletik eskerrak herritarrei. Izugarri eskertzen da boluntarioek jai honetan jartzen duten guztia: bihotzez egiten dute lan, eta hori eskertzeko modurik ez dago. Lan gogorra da, eta mimo handiz egiten dute. Aipamen berezia eta esker on berezia eman nahi dizkiegu udaletik guztiei, eurek barik, gaur egun ezagutzen dugun moduko Berdel Egunik egiterik ez legokeelako.
HONEKIN LOTUTA: