20. Korrikari ongietorria emanez
Korrika Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdera heldu aurreko egunetan etenik gabekoak ari dira izaten euskararen aldeko lasterketagaz bat egiteko antolaturiko ekimenak.Klik batean, edo oinez. Tipi-Tapa, tipi-tapa, 20. Korrikari ongietorria eman gura iz...
Korrika Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdera heldu aurreko egunetan etenik gabekoak ari dira izaten euskararen aldeko lasterketagaz bat egiteko antolaturiko ekimenak.
Klik batean, edo oinez. Tipi-Tapa, tipi-tapa, 20. Korrikari ongietorria eman gura izan diote Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrek. Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatuta, mendi irteera egin zuten zapatuan, esan dutenez, «korrikari ongietorria emateko». Korrikaren petoak, buff-ak, kamisetak, txapak, pegatinak eta abarrak jantzita, guztira 13 kilometroko ibilbidea egin zuten. Gernika-Lumon hasi, eta Errigoiti eta Muxikatik, berriro ere Gernikara buelta egin zuten. Euripean, martxara batu ziren 28 lagunek Txiki-ren azalpenak entzunez egin zuten bidea. Halaber, bide hori QR kodean jaisteko aukera ematen zuen martxaren kartelak, eta hura zelan erabili ikasi zuten Iratxe Uriguenen azalpenei esker.Hurrengo egunean, domekan, azken hilabeteetan Korrikaren alde eta auzolanean josi duten ohe tapakia zotz egin zuen Berbalagunek. 2.937 da zenbaki sariduna, eta haren jabeak apirilaren 19ra arteko epea dauka sari hori hartzeko. Horretarako, Gernikako AEKra deitu beharko du (647 81 49 65). Ordezko zenbakia 0136 izan da.
Lea-Artibain, berriatuarrek argazki erraldoia atera dute Korrikaren alde. Gaur helduko da Korrika Berriatura ere, eta, motorrak berotzeko, ume, gazte zein nagusiek arineketan egin aurretik, udalerria girotzeko eta Korrikaren aldeko mezua herrian zabaltzeko argazki erraldoia atera zuten astelehen arratsaldean, udaletxe aurreko plazan. Herritar batzuk Korrikaren petoak soinean zituztela bertaratu ziren, eta denen artean Batzuk aurtengo leloaren berba osatu zuten.