1.064.400 euroko aurrekontua onartu du Aulestiko Udalak
Aurreko asteko osoko bilkuran alkatearen eta sei zinegotzien aho bateko onespenarekin onartu dute udal aurrekontua.
Orain arte ongizatean zein kirol eta kultur arloetan egindako inbertsioak mantentzea adostu, eta hirigintza lanetarako hainbat diru sail zehazteagaz batera, gazteen emantzipazioan laguntzeko diru laguntza ematea erabaki du udalak.
Hain zuzen ere, horixe da aurtengo aurrekontuaren berritasun nagusia. Herriko gazteek euren etxeetatik udalerriko beste etxe batera alokairuan bizitzera joateko hautua eginez gero, diru laguntza eman nahi die udalak, eta horretarako ordenantza egingo du udazkenean. 6.000 euroko diru saila bideratu gura dute jardun horretara.
“Ordenantzak urrian onartzen ditugu, eta onartu ostean epe bat egongo da diru laguntza eskarietarako”, azaldu du Mikel Ansotegi Jaio Aulestiko alkateak.
Udalarentzat “ezinbestekoa” da gizarte zerbitzuetan inbertsio “sendoa” egitea, eta horregatik orain dela bi urte sail horretarako diru kopurua bikoiztu zuten.
Lea Ibarreko Mankomunazgoak bideratzen du zerbitzua, eta udalek jarri beharreko kopurua 219.200 eurokoa da. “Azken urteotan beharrizanak gora joan dira, eta hemen inbertsio sendoa egiten da gizarte zerbitzuetan. Lea Ibarra Mankomunazgoan ez dugu itxaron zerrendarik, eta hori nabarmentzekoa da”, zehaztu du Ansotegik.
Auzo bideak konpondu. Hainbat auzo bide konponduko dituzte aurten, eta horretarako 117.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Hala, 73.500 euro inguru diru laguntzetatik lortzea espero du.
Inbertsio nagusia Telleria eta Usua arteko bidea betoitu eta egokitzeko izango da. Horrekin batera, Iborla Txiki baserriaren alboko irteeran auzotarren segurtasuna hobetzeko neurriak hartu, eta Malats, Urriola eta Goierriko auzo bideen zoladura egingo du. Eta, Aulestia kaleko errepideko zuloak tapatuko dituzte.
Bestalde, azken urteetan moduan, jasangarritasunerantz pausoak eman asmoz, udaletxean biomasazko galdara jarriko dute. Inbertsio horrekin urtean erregaietan eta mantenimentuan 4.000 eurotik gora aurreztea aurreikusi dute.
Hain zuzen ere, 100.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. Inbertsioa aurrera eroateko “diru laguntza asko lortzea ezinbesteko” dela-eta, 78.000 euro lortzea espero dute.
60.000 euro, berriz, saneamendurik ez duten etxe bakarretan putzu septikoak jartzera bideratuko dituzte. Izan ere, hainbat etxe bakar eta auzoetan ez dute saneamendu sarerik. Lehenengo lanak jende gehien bizi denetan egingo dituztela zehaztu dute. Lanotarako 51.300 euroko diru laguntza espero dute.
Bestalde, kultur eta kirol ekintza eta elkarteetara 110.000 euro inguru bideratuko dituzte, eta Artedrama antolatzeko 12.500 euro (aurrekontu osoaren gainerakoa diru laguntzen bidez lortzen dute). Halaber, herriko elkarte eta erakundeei diru laguntzak emateko 35.000 euro, eta herriko eta auzoetako jaietarako 31.100 euro aurreikusi dituzte.