Egunerokotasuneko 'Gernika'-k
Picassoren artelana oinarri hartuta, gaur egungo beste 'Gernika'-k eta gizarteak egunero jasaten dituen 'bonbardaketak' salatzen ditu Ron English artista estatubatuarrak bere lanetan.Nire Gernika koadroek mundu mailako kultura korporatiboaren produktu-...
Picassoren artelana oinarri hartuta, gaur egungo beste ‘Gernika’-k eta gizarteak egunero jasaten dituen ‘bonbardaketak’ salatzen ditu Ron English artista estatubatuarrak bere lanetan.
Nire Gernika koadroek mundu mailako kultura korporatiboaren produktu-kokapena nabarmentzen dute; izan ere, kultura korporatiboak gerra entretenimendu gisa erabiltzen du, eta entretenimendua gerra gisa». Ron Englis artista estatubatuarraren hitzak dira, eta bere artelanen oinarria ulertzeko ezinbesteko dira.Gernika berriro imajinatuz du izenburu Englishen erakusketak, eta aste honetan heldu da Gernika-Lumora. Bakearen musoean ipini dute erakusten, eta, hango zuzendari Iratxe Momoitiok azaldu duenez, aspaldi ekarri nahi izan duten erakusketa da.
English artista ezaguna da, Street Art-a lantzen dutenen artean batez ere. Gernika koadroa du begiko, eta artearen barruan beste eredu bat legez hartzen du. Hala, Pablo Picassoren obra oinarri hartuta, 100 obra baino gehiago egin ditu Englishek. Artista malagarraren koadroko pertsonaiak beste modu batean aurkezten ditu; beti ere, kritika eginez. Momoitiok dioenez, estatubatuarraren lanetan bi salaketa daude: «Batetik, gaur egungo gerrak salatzen ditu, beste Gernikak. Ohituta gaudelako eta ikusi ere ez ditugu egiten. Bestetik, inbasio kulturalak eta ekonomikoak ditu jomugan». Hain zuzen, kulturalki amerikarren inbasioa erabatekoa dela salatzen du, eta arlo ekonomikoan, marken bitartez amerikarrek mundua inbadituta dutela.
25 obra, ikusgai
Bere lan guztiak ekartzeko espaziorik ez, eta aukeraketa egin behar izan du Gernikako Bakearen Museoak. Guztira, 25 koadro ekarri dituzte, eta urriaren 29a bitartean egongo dira ikusgai.
Erakusten dauden obren artean, zenbaitetan Gernika koadroaren eragina berehala ikusten da. Hala ere, beste zenbaitetan Ron Englishek bere estiloa nabarmendu izan du, eta horietan Gernika koadroa ez da hain agerian geratzen. Picassoren koadroko pertsonaiak erabiltzen ditu, kritika egiteko, baina desberdin aurkezten ditu. Koadro horietan, besteak beste, marrazki bizidunak erabilita, telebistatik kontsumitzen dugun kultura «inbaditzailea» salatzen du artista estatubatuarrak. 2016an egin zuen Izarretako Gerraren Guernica izeneko lanean, adibidez, Star Wars filmaren pertsonaiak erabiltzen ditu, Picassoren lanaren elementuak irudikatuz. Snoopy vs Simpsons du izena urte bereko beste lan batek, eta Harriketarren Guernica beste batek.
25 obra horietatik batzuk kaleko hormetan egindakoak dira. Hala ere, azken urteetan museo eta galerietan erakusten ditu bere lanak. «Orain ere Asiatik biran da English, eta horregatik ezin izan du Gernikara etorri bere erakusketa inauguratzera», azaldu du Momoitiok. Hala ere, urriaren bukaeran Gernika-Lumon egingo dituzten Bakearen Jardunaldien ardatza izango da Street Art-a, eta English gonbidatu gura dute.