Bilboko Basque Fest jaialdian parte hartuko du Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkeak
Bihartik (apirilak 12) hilaren 16ra arte izango da Basque Fest jaialdia, eta Aste Santuan Bilbora doazen bisitarientzat zein oporretan hirian geldituko diren herritarrentzat 200 jarduera inguru eskainiko ditu. Geoparkeak erakusleku propioa izango du bertan, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako erakargarri turistikoak ezagutzera eman eta urte osoan eskaintzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen berri emateko. Halaber, tokiko produktuez osatutako Geogourmet otarrak eskuratzeko aukera ere egongo da. Gourmet Txokoa deritzon espazioan egongo da Geoparkearen eskaintza, Bilboko Areatzan kokaturiko karpa erraldoian. Bisitarien artean bisita gidatuak zozkatuko dira.
Bisitak aukera-aukeran. Geoparkeak, bere ondare geologiko, natural eta kultural aparta ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, balio horien guztien kontserbazioa sustatu nahian, esperientzia aukera zabala eta anitza proposatzen du; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak eta ibilbide gastronomikoak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoago bat duten esperientzia bereziak. Bisita gidatuen gaineko informazio osatua eta ordutegiak Geoparkearen webgunean kontsulta daitezke.