Berritxu Gazteok Einaz parte hartze prozesuaren bitartez osatuko dute Gazte Plana, eta udal ordezkariek eta gazteek bariku arratsaldean egin zuten
lehen bilera, Satorzulon.
Berriatuako Udalak eraldaketa sozialerako espazio eta prozesuen sorkuntzan lan egiten duen
Hiritik At kooperatibaren laguntza du, eta bertako eta udaleko ordezkariak batu ziren udalerriko gazteekin.
14-24 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako plana izango da. “Tarte horretako gazteentzat eskaintza askorik ez dagoela ikusita, Gazte Plana haien parte hartzeagaz osatzea ezinbesteko ikusi genuen. Udalak haien eskariei erantzuna eman, eta haiei lagundu behar die”, azaldu du Julene Garate zinegotziak.
Argazkia: Berriatuako Udala.
Barikuko bileraren
balorazio oso positiboa egin dute udal ordezkariek: “Parte hartze handia egon eta dinamika desberdinak landu genituen. Hamazazpi gazte etorri ziren, baina badakigu batzuk ezin izan zutela hurbildu, eta prozesu honetan 30 bat gaztek parte hartuko dutela aurreikusten dugu”.
Lehen hartu-emana elkar ezagutzeko baliatu zuten. Norbere burua aurkeztu, eta gazteek erabiltzen dituzten guneak identifikatu zituzten. Jolas moduan hainbat dinamika egin zituzten, eta bilerak bariku arratsaldetan egingo dituztela adostu zuten. Hala,
hurrengo batzarra hilaren 28an egingo dute, 19:00etan.
Gazte Planaren
helburu nagusiak hauek dira: gaztetxea martxan berriro zelan ipintzea, gazteentzako espazio edo gune bat indartzea, eta herriaren eta gazteen zein udalaren eta gazteen arteko harremanak sendotzea. “Gaztetxeak berriro zelan funtzionatu dezakeen zehaztu, eta era berean, eliza azpiko parkea gazteen gunea izatea nahi dugu”.