Santiago Bideko aterpetxea zabaldu dute asteburuan
Maskotekin bidaiatzen duten erromesentzat aparteko logela bat eta ohe baxuak prestatu dituzte aurten. Urriaren 15era arte egongo da zabalikAsteburuan zabaldu ditu ateak Markina-Xemeingo Karmeldarren komentuan kokatzen den erromesentzako aterpetxeak. Se...
Maskotekin bidaiatzen duten erromesentzat aparteko logela bat eta ohe baxuak prestatu dituzte aurten. Urriaren 15era arte egongo da zabalik
Asteburuan zabaldu ditu ateak Markina-Xemeingo Karmeldarren komentuan kokatzen den erromesentzako aterpetxeak. Sei hilabetez egongo da zabalik, urriaren 15era arte.Aurten ere, Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteko boluntarioak arduratuko dira Markina-Xemeingo aterpetxearen kudeaketagaz. Lehen boluntarioak 15 egun egingo dituela bertan azaldu du; bere ondoren, aldiro-aldiro txandakatzen joango dira besteak. Markina-Xemeingo aterpetxeagaz gain, Larrabetzukoa, Lezamakoa, Pobeñakoa eta Bilbokoa ere kudeatzen ditu Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteak, eta azaldu dutenez, 86 boluntario egongo dira aurten elkarteak kudeatzen dituen bost aterpetxe horietan laguntza ematen.
Denetara, 40 leku izango ditu aurten Markina-Xemeingo aterpetxeak, eta hobekuntza batzuk ere aurkituko dituzte Iparraldeko Bidea eginez heltzen diren erromesek. Esate baterako, maskotagaz bidaiatzen duten erromesentzat aparteko logela bat prestatu dute, eta ohexka batzuk kendu eta ohe baxuak ere jarri dituzte gela batzuetan. «Lekuak gutxitzen dira, baina jende nagusia etortzen da, eta, gainera, oso nekatuta, eta ohe baxuak nahiago izaten dituzte», azaldu dute Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkartekoek.
Ordubete aurretik
Aterpetxearen ordutegiak ere aldaketa izan du. Ordu bat gehitu dute, eta, horrenbestez, aurten 14:00etan zabalduko dute aterpetxea 22:00ak arte. «Eguraldi txarra dagoenean zain egotea ez da atsegina izaten, eta, beraz, ordubete aurretik zabaltzea erabaki dugu, erromesak aterpetxean jantziak aldatu eta erosketak egitera edo bazkaltzera lasai joan ahal izateko».
Urtez urte, gero eta erromes gehiagok hartzen du ostatu Santiago Bideko Markina-Xemeingo aterpetxean. Karmeldarren komentuan kokatzen den erromesentzako aterpeak 4.486 erromes hartu zituen iaz, 2015 urtean baino 1.000 erromes baino gehiago.
Lehen egunetatik, jende asko dabil aurten ere. Astelehenean, esate baterako, 30 erromes zeuden lotarako, eta asteburuan gehiago egon zirela zehaztu zuen boluntarioak. «Gustura gaude, aterpetxea oso ondo dago», adierazi dio HITZAri Alemaniako emakume batek.