Artibai Futbol Taldea, berriro ere Lurraldeko Lehenengo mailan
Asteburuan lortu du igoera Markina-Xemeingo futbol taldeak. Hirugarren dagoen taldeari nahiko puntu ateratzen dizkiote igoera ziur izateko. Ligaren bila doaz orainLortu dute; Artibai Futbol Taldeko nagusiek Lurraldeko Lehenengo Mailan jokatuko dute dat...
Asteburuan lortu du igoera Markina-Xemeingo futbol taldeak. Hirugarren dagoen taldeari nahiko puntu ateratzen dizkiote igoera ziur izateko. Ligaren bila doaz orain
Lortu dute; Artibai Futbol Taldeko nagusiek Lurraldeko Lehenengo Mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Asteburu honetan erabakita geratu da Markina-Xemeingo taldearen igoera. Zenbakiek horrela diote; hirugarren doan Etxebarri B-ri ateratzen dioten puntuen aldeak zuzeneko pasea ziurtatzen die goragoko mailara. Lehenengo doan Loyola Indautxuk 58 puntu ditu, Artibai Futbol Taldeak 57 puntu eta Etxebarri B-k 49 puntu.Taldea «oso pozik» dago. Iker Santos taldeko entrenatzaileak jakitera eman duenez, denboraldi hasieratik izan dute helburu mailaz igotzea, eta gainera, «gustura» ibili dira jokatzen, emaitzak ere lagun izan dituztelarik. «Talde ona osatu dugu, jokalari onak dira, eta gainera, gustura jokatu dugu. Pozik gaude igoeragaz, batez ere, denboraldi osoan maila ona erakutsi eta ondo jokatu dugula uste dugulako», azpimarratu du Santosek.
Ligaren bila
Igoera eskuetan eta orain arteko emaitza onei esker lehen postua ere hurre daukatela ikusirik, liga ere irabaztea jarri du orain taldeak, helburu. «Bi partida gelditzen zaizkigu liga amaitzeko, eta azken ahalegina egin nahi dugu», azaldu du nagusien taldeko entrenatzaileak.
Azkenaurreko partida jokatuko dute zapatuan, Berrizko taldearen kontra. Partida gogorra izango dela zehaztu du Iker Santosek. «Berrizko taldeak beheko mailara jaisteko arriskua dauka oraindik, eta beraz, aiztoa hortz artean dutela etorriko dira, baina guri ere ez zaigu gogorik faltako».
Berrizen aurka jokatuko dutena izango da, bestalde, etxean jokatuko duten azken partida, (17:00etan, Barroetan) eta beraz, igoera ospatzeko asmoa ere badaukate. Gainera, ezustekoak ere egongo direla aurreratu dute. Hori dela eta, animoak eman zein ospakizunean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. «Barroetara etortzeko deia egiten diegu herritarrei, Artibai herriko taldea da eta zer edo zer polita egiteko asmoa daukagu».
Liga kanpoan amaituko dute Artibaiko nagusiek, Fruizen, hain zuzen ere.