Egurtxikik bonbaketaren 129 lekukotza utzi ditu Bakearen Museoaren esku
1971-1972 bitartean egindako elkarrizketen funtsa hartu du bonbardaketaren dokumentazio zentroak. Lekukotzak Gernikan gordeko direlako pozik dagoela esan du EgurtxikikWilliam Smallwood Egurtxiki-k bonbardaketaren lekukoei egindako testigantzen funtsa h...
1971-1972 bitartean egindako elkarrizketen funtsa hartu du bonbardaketaren dokumentazio zentroak. Lekukotzak Gernikan gordeko direlako pozik dagoela esan du Egurtxikik
William Smallwood Egurtxiki-k bonbardaketaren lekukoei egindako testigantzen funtsa hartu zuen atzo Gernika-Lumoko Bakearen Museoak.Guztira, bonbardaketatik bizirik atera ziren 129 lagunen lekukotzak bildu zituen Egurtxikik 70eko hamarkadan, eta horiekin liburua idatzi zuen: The day Guernica was bombed. A story told by eyewitnesses and survivors. Atzo eguerdian, elkarrizketa horien transkripzioak bonbardaketaren dokumentazio zentroaren esku utzi zituen.
Testigantzen funtsa Gernikako bonbardaketaren dokumentazioaren esku uztean pozik dago Smallwood. «Lasaitua hartu» duela dio, «bere lanak biziraungo duelako, ez delako galduko, eta Gernikan seguru egongo delako». Egindako lana ahalik eta hoberen egiten saiatu zela esan du, eta 1937ko apirilaren 26an gertatutakoaren lekukotza herrian uzti duelako harro dago.
Elai-Alai aretoan egin zuten atzo dohaintzaren sinadura ekitaldia. Jose Mari Gorroño alkateak, Xabier Irujo historialariak eta liburua euskarara (Gernika bonbatu zuten eguna. Lekukoen testigantzak) itzuli duen Ane Undurragak ere parte hartu zuten ekitaldian.
Liburua idaztearen zergatia azaldu zuen Egurtxikik atzoko ekitaldian. Saskibaloi eta beisbol taldeetan harreman estua hartu zuen Euskal Herritik AEBetara joandako euskaldunekin, eta haien artean lagun minak egin zituela esan zuen. Haiekin hasi zen euskara ikasten. Hala ere, 1970ean Ipar Euskal Herrira bidaiatu zuen, Renoko unibertsitateak antolatutako ikastaro batean entzule modura parte hartzeko, eta euskal munduagaz harremana hartu zuen. Gernikara ere etorri zen, Pete Cenarrusaren seme Jon Cenarrusagaz batera, eta bonbardaketari buruz berba egiteko herritarrek zuten beldurrak piztu zion gaiarekiko interesa.
AEBetara bueltan, euskara ikasi zuen asmo argi bategaz: Gernikara bueltatu nahi zuen, eta bonbardaketatik bizirik atera zirenak elkarrizketatu. Egurtxikik esan bezala, ezkutuan mantendutako egia azaleratu nahi zuen, bonbardaketa egunean gertatu zenaren egia kontatu nahi zuen, egun horretako protagonista izan zirenei ahotsa emanez.
Herritarren laguntza
Lan hori burutzeko bueltatu zen Gernikara 1971. urteko udazkenean. Herritar askoren laguntza izan zuen elkarrizketak egiteko, eta denei eskerrak eman zizkien atzo. Bereziki, Maria Angeles Basabek euskara irakatsi ziola gogora ekarri zuen, eta Juanjo Mintegik gazteleraz egindako elkarrizketen itzulpenak egin ziz- kiola. Lekukotza horietako asko anonimoak dira, jendea hitz egitearen eta izena ematearen beldur zelako.
Hala ere, testigantza izen-abizenekin eman zutenak ere badira. Bai elkarrizketatuak eta baita lan hori egiteko laguntza eman ziotenak ere garai hartan asko arriskatu zutela nabarmendu zuen Xabier Irujok atzoko aurkezpenean.