Mikel Alonsok irabazi du 27. Sabin Foruria Memoriala
Borroka estuagaz amaitu da aurten Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak urtero antolatzen duen Sabin Foruria Memoriala txirrindulari lasterketa. Zapatu arratsaldean jokatu zen norgehiagoka Lea-Artibai eskualdean zehar, eta 136 txirrindularik hartu z...
Euskadi Fundazioko Mikel Alonso izan zen Aldaola kaleko helmuga gurutzatzen lehena, beste 40 txirrindularigaz lehian. Pablo Alonso (Caja Rural-Seguros RGA) eta Oskar Malatsetxebarria (Eiser-Hirumet) geratu ziren bigarren eta hirugarren postuan, eta talde onenaren saria Lizarterentzat izan zen. Podiumera igotzeagaz gain, Oskar Malatsetxebarria munitibartarrak eskualdeko txirrindulari onenaren saria ere eraman zuen.
Lasterketa polita izan zen zapatukoa; ihesaldi ugari egon ziren 104 kilometroko ibilbidean zehar, eta 41 txirrindulariko pelotoiak lehia bizia eskaini zuen helmugako zuzenean.
Ihesaldi ugari
Lehen bueltatik ahalegindu ziren txirrindulariak ihes egiten. Lau txirrindulari ahalegindu ziren lehen zatian, baina pelotoiak berehala harrapatu zituen, ondoren hamar laguneko taldea saiatu zen ihes egiten, baina horiek ere xurgatu zituen pelotoiak, eta azken bueltan bi taldek egin zuten aurrera. Gizaburuaga eta Oleta artean alde egin zuen lehenengo 20 txirrindulariko taldeak, eta beste 22 txirrindularik gero. Milloi igotzen batu ziren denak, aldapan gora, eta taldea luzatu egin zen jaitsieran.
Urberuaga inguruan ihes egiteko ahalegin berriak egon ziren, baina pelotoia ez zegoen inori aukerarik emateko prest. Horrela, pelotoi nagusia esprintean sartu zen Markina-Xemeingo helmugan.
Guztira, 58 txirrindularik amaitu zuten proba, eta bataz beste, 39,87 kilometro orduko abiaduran egin zuten.