Munitibarko Bonbardaketaren 80. Urteurreneko ekitaldiak egingo dituzte
Udalak eta Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkarteak elkarlanean herriko bonbardaketari buruzko hitzaldia eta erakusketa prestatu dituzte.
Bihar inauguratuko dute Etxebarriko Zelaietaburu gerra eremuari buruzko argazki erakusketa. Hango errekuperazio lanak eta hiru gudariren deshobiraketen argazkiak jaso dituzte.
Han egin zuten beharra laburbiltzen dute argazkiek. Besteak beste, indusketa lanak zelan egiten dituzten ikusten da, eta han bizia galdu zutenei egindako omenaldiaren irudiak ere biltzen ditu.
Ahaztuen Oroimeneko kideek azalpenak emango dituzte, baina, hala ere, argazkiekin batera informazio ohol batek osatzen du erakusketa.
Izan ere, erakusketa bihar arratsaldetik maiatzaren 12ra arte egongo da ikusgai liburutegian. Astelehenetik barikura bisitatu ahalko da, 16:00etatik 20:00etara. 18:30ean hasiko da biharko inaugurazio ekitaldia, eta azalpenen ostean, mokadutxoa egongo dela jakitera eman dute.
Bestalde, Bonbardaketaren 80. urteurrena. 1937/04/26 Aire erasoaren kronika hitzaldia emango du Alberto Unanumo Ahaztuen Oroimeneko kideak domekan, udaletxeko aretoan. 12:30ean hasita, bildu dituen testigantzak eta bonbardaketaren ezaugarriak azalduko ditu.
“Munitibarko eta inguruetako bizilagunen testigantzekin bonbardaketak hemen izan zituen ezaugarri nagusiak zeintzuk izan ziren baieztatu du”, azaldu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak. Esaterako, bonbardaketan hil zituztenak kanposantuan lurperatzen ez zituztela utzi kontatuko du.
Testigantzekin errelatoa osatu ahal izan du Unamunok, eta egun hartan Munitibarren pasatu zena eta gerta ahal izan zena kontatuko du. “Ezagutu ez genuenok Munitibarko bonbardaketan benetan zer gertatu zen jakiteko aukera izan dugu”.
Izan ere, 36ko gerra bizi izan ez zutenek zer pasatu zen jakiteko jakinmina izan dutela dio, ez baitute kontaketa ofizialik ezagutu. Hala, kontakizun “partzialetatik” kontaketa orokorrago bat entzuteko aukera edukiko dute: “Bakoitzak bere etxean ezagutu zituen bizipenak eta ikusi zuena kontatu ahal izan zuen, baina ez ikuspegi orokor batetik”.
Goikoetxeak azaldu duenez, agintaldia hasi zutenean Gerrikaitz auzoko bizilagun batzuek esan zieten Bengolan baten bat lurperatuta zegoela, eta Aranzadiko eta Ahaztuen Oroimeneko kideekin harremanetan jarri ziren. Unamuno testigantzak batzen hasita zegoen ordurako, Bengola inguruan lurperatuta zegoenari buruzko dudak argitzeko eta datuak baieztatu ahal izateko. “Aranzadikoek indusketa lanekin hasteko esperantza geneukan, baina auzia geldi dago momentuz”.
Gertatu zena ezagutara ematearen garrantzia ere nabarmendu du alkateak: “Gure sasoian eskolan ez genuen hemengo bonbardaketarik lantzen. Historiaurretik XIX. mendera heltzen ginen urtero, eta XX. mendera heltzean ikasturtea amaitzen zen. Beti falta izan zaigu informazioa. Gaur egungo belaunaldikook aukera dugu zer pasatu zen jakiteko, behintzat, errelato bat edukitzeko”.