Ondarrutarrak triste esnatu dira gaur [apirilak 28], Oruemazagaren heriotzagaz. 85 urtegaz hil da, ospitalean. Ondarroako Artibai egoitzan dago hilbeila, gaur [apirilak 28], 19:30ak arte. Ondoren, erraustu egingo dute. Errautsak
Arbide pasealekuan botako dituzte astelehenean [maiatzak 1], 18:00etan.
Euskalzale eta abertzale sutsua, gizon
ekintzailea zen, geldik egoten ez den horietakoa. Euskal Herriaren eta euskal kulturaren maitale, Ondarroan egiten ziren ekimen askoren sustatzaile zen. Zubi Zahar herri ikastolaren sortzaile eta idazkari izan zen urte askoan, Herri Batasunako zinegotzi, euskal prentsaren kolaboratzaile, idazle, Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) elkarteko kide…
Imanol Oruemazaga Baseta, Koldo Arriola liburua eskuan
Gauza asko egin, eta ondo egitea gustatzen zitzaion, gaur egin ahal dena biharko utzi beharrik ez dagoela uste zuena. Bere azken lana Koldo Arriolaren heriotzari eskaini zion. Liburu hartan Ondarroaren historiaren zati bat utzi zuen jasota; eta beste ehunka dokumentu ere utzi dizkie ondarrutarrei, herriaren azken 60 urteetako historiaren
artxiboa, bere argi eta ilunekin.
Berrizko Elizondoko abade-etxean jaio zen 1931 urtean, bere amaren osaba baitzen hango abadea, eta hantxe bizi izan ziren. Aita Ganekoetxekoa zuen, eta ama Axpekoa. Aita Berrizko zinegotzia izan zen errepublika garaian, eta preso hartu eta heriotz-zigorrera kondenatu zuten; hiru urtetik gora hainbat kartzelatan pasa ostean bueltatu zen etxera.
10 urtegaz abade-etxea utzi eta aitaren jaiotetxera joan ziren, baina 1944an Errotabarri errotan kokatu zuen bizilekua familiak. 11 urtegaz Bergarako dominikarrenera joan zen abade ikasketak egitera. Urtebetera Arteako seminariora joan zen handik bi urtetara Gasteizera joan aurretik. 1955. urtean Basauriko Dos Caminosera destinatu zuten
1956. urtean Ondarroara joan aurretik.
Oruemazaga, Mari emaztea ondoan duela, 2011ko ibilaldian
Elizako organista legez etorri zen Ondarroara, eta frankismoaren urte ilunak izanik, euskal kultura bultzatzen ahalegindu zen, tipleekin lehenengo, antzerki taldeekin ostean, eta Kresala Kultur Elkarteagaz ondoren. KamiƱazpiko Elizan eskola sozialak bultzatu zituen, eta Kristau Komunitatearen laguntzailea izan zen, diktadurako eliza ofiziala ez zuelako onartzen. Portuan ere egiten zuen lan aldi batean, eta marea bat ere egin zuen itsasoan.
Ordundik, Ondarroan egin du bizimodua, nahiz eta abade beharrak alde batera utzi. 1969an, 1970an eta 1971an, hiru alditan preso egondakoa da beste hainbat abaderekin batera Zamorako kartzelan, frankistek elizan ipinitako bandera espaƱolak ez onartzearren.
Mari Goenaga ondarrutarragaz ezkondu zen, eta emaztearen gaixotasun bat tarteko, haren zainketaz arduratu zen. Bere ibilbide luzean eman zuen elkarrizketa batean baino gehiagotan komentatu zuen, negarrez heldu zela Ondarroara, baina urteekin, berriztarra besteko ondarrutarra izan da. Ondarrutarrentzat, herri-herrikoa.
SOSLAIA
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza egunkariaren sorreran eta garapenean hor egon izan da beti Imanol. Hor izan zaitugu beti, informazioa helarazten, elkarrizketatu posibleak zeintzuk izan daitezken esaten, gutunak bidaltzen, bileretan… Beti ondoan, eta beti irriparre eder bategaz, eta baikor, aurrera begira. Euskalgintzak asko dauka zuri eskertzeko; Hitzak asko dauka zuri eskertzeko. Gero arte, kapitan!
ELKARRIZKETA: Bolo-Bolo herri aldizkariaren 2002ko udaberriko zenbakian Oruemazagaren bizitzako pasarteak bildu zituzten.