«Oroimenaren eta bizitzaren suak eskuan»
Laurogei urte dira Francoren aginduz Gernika bonbardatu zutela. Urte horietan guztietan kondena bera pairatu dute herritarrek: isiltasuna. Eta horrela, isiltasunean zeharkatu zuten eguazten gauean herria.Guk ez dugu ahaztu, herriak ez du ahaztu», zioe...
Laurogei urte dira Francoren aginduz Gernika bonbardatu zutela. Urte horietan guztietan kondena bera pairatu dute herritarrek: isiltasuna. Eta horrela, isiltasunean zeharkatu zuten eguazten gauean herria.
Guk ez dugu ahaztu, herriak ez du ahaztu», zioen Gernika Batzordeko Sabin Ibazetak oholtza gainetik. Apirilaren 26a, Gernika bonbardatu zuten egunaren urteurrena. Laurogei urteren ostean, Gernika Euskal Herria dela esan zuen Karmelo Landak, «munduaren aurrean tente eta bizirik».Horrela adierazi zuten ehunka gernikarrek, 21:45ean Foru Plazatik abiatu zen kandelen manifestazioan. «Oroimenaren eta bizitzaren suak eskuetan hartuta», adierazi zuen Landak.
Gernika Batzordeak urtero egiten du manifestazio isila. Ibazetaren esanetan, hori izan zen bai Francok eta bai Franco ostean inposaturiko kondena: isiltasuna. Eta orain, 80 urteren ostean, herritarren egia eskatzen dutela esan zuen Landak: «Egia, Gernikan duela 80 urte gertatu zenaz. Eta gero gertatu den guztiaz, gaur arte». Gernika Batzordeko kidearen esanetan, egiari esker dago bizirik Gernika, eta egia azaleratzeko lan horretan bidelagun izan dituzten historialariak gogoan izan zituen. «Guztiei esker dakigu Francok agindu zuela Gernikaren bonbardaketa kriminala, 59 hegazkin nazi eta italiarrek bonbardatu zutela herria modu sistematikoan hiru ordu luzez».
Landak gogorarazi zuen orain 80 urte zabaldutako gezurra gaur egun arte zabaldu dela. «Alemaniako presidenteak eta Parlamentuak hegazkin eta abiadore alemanen parte hartzea aitortu eta parkamena eskatu bazuten ere, estatu espainiarrak eta instituzioek ez dutela sekula aitorpenik egin», salatu zuen. Hala ere, Gernika bizirik dagoela esan zuen, bonbardatuen seme, alaba eta lobei esker, herri bizia eta sortzailea dela.