Maiatzaren 15, 16 eta 17an, Ondarroako Zientziaren giltzak elkarteak
Pint of science mundu mailako ekimenean parte hartuko du, Donostia, Bilbo eta Iruñeagaz batera, zientzia jendearengana hurreratzeko helburuagaz. Egun horietan, zientzialariek tabernetan azalduko dute egiten dutena, hitzaldi motzen bidez. Ekimena maiatzaren 15etik 19ra antolatu duten
Zientzia astearen baitan sartzen da. Aste horretan, besteak beste, zientzia bertsolaritzagaz lotuko dute, ikastetxeetako 5 eta 6. mailakoekin esperimentuak egingo dituzte eta nano komikien erakusketa antolatuko dute.
Ezkerretik eskumara, Josu Zeberio, Nagore Elu, Mario Feijoo eta Edu Zabala.
Zientziaren giltzak elkarteak zientziaren gaineko hitzaldiak antolatzen ditu, hilero. Zientzia gizartearen esparru guztietan dagoela aldarrikatzen du. Elkarteak dio aukeratzen den gaia aukeratzen dela, beti eman ahal zaiola ikuspegi zientifikoa.
Zientzia dibulgatzeko bokazioz sortutako ekimena galdu ezinezko hitzordua da hamarnaka lagunentzat.
Zientziaren kultura gizartean zabaltzeko beharra antzemanda sortu zen Ondarroan Zientziaren giltzak elkartea, 2014. urtean, beste batzuen artean, 2016an zendu zen Jose Mari Argoitiaren ekimenez. Ordutik hona, uda sasoian salbu, Argoitiagaz batera lanean hasi zirenek zein bidean batu zaizkienek, denak zientzian jardun izan dutenak edo lanbide dutenak, hutsik egin barik, hainbat gairen inguruko hitzaldiak proposatu dituzte, baita erantzun ona lortu ere.
Entzule fidelak dituzte, eta bataz besteko altua, 60 lagun ingurukoa
«Astelehenetan ematea pentsatu genuen, egunik egokiena zelako hainbat faktorerengatik, baina, hala ere, zalantzan jartzen genuen zein etorriko zen astelehen baten… Eta sorpresa hartu dugu, ze bataz beste 60 lagun batu dira hitzaldiko. Eta politena da jendea hitzaldien zain egoten dela. Oso
publiko fidela da», esan du Edu Zabalak.
Gazte jendea faltan botatzen dute. Horretan egiten dute huts elkarteko kide Mario Feijooren ustez. Nagore Elu taldeko kide gazteenak gehiago dio. «Taldean sartzeko eduki dudan arrazoietako bat izan da gazteak ez dituzula horrelako kontuetan ikusten», adierazi du. Erronkatzat hartzen du Feijook, eta gazteei interesa dakiekeen gaiak eta hizlariak ekartzen ahalegindu behar direla nabarmendu du.
Era askotako gaiak ikutu dituzte, baina oraindik area osoak dauzkate jorratzeke
Gai aukera zabala. Gai aldetik ez da dibertsitaterik falta. Era askotako gaiak ikutzen ahalegintzen dira, adibidez, kimika, biologia, osasuna, fisika eta matematikaren inguruko gaiak. Hori bai, onartzen dutenez
arrakasta handiena gai sozialek daukatela diote, jendearen interesen isla. Aurrera begira, area osoak jorratzeke dauzkatela diote, eta gai ugari gelditzen zaizkiela lantzeke, batzuk ikusleak eurak proposatuta. Horrez gain, zientziaren dibulgazioa helburu behinena delarik, beste aldagai batzuk ere kontuan hartu behar dituzte. Batetik,
gaiak gaurkotasunagaz lotzen eta aldatzen ahalegintzen dira. Eta, bestetik, hizlarien profila zaintzen dute. Izan ere,
emakumeen,
Ondarroako zientzialarien eta euskararen presentzia bermatzea ere badute helburutzat. Horrenbestez, dena kontuan hartuta, egitaraua arretaz prestatu beharrean egoten direla esan du Edu Zabalak. Generoaren ikuspegitik egiten den ahalegina datu estatistikoetan oinarrituta dago. «Kuriosoa da emakume zientzilarien irudirik ez dugula egiten, zientzialarien %70 emakumea denean», adierazi du Nagore Eluk.
Zientziaren giltzak elkartearen ekimen bat
Zientzia, ulergarri. Eluk dio zientzia berbak atzera botatzen duela jendea; gaitza dela uste dutela. Eta erraz ulertzeko moduan planteatzen dute hizlarien bidez. Edu Zabala institutuko maisu izandakoak azken urteetako garapenaz dihardu. «Lehen herenak aukeratzen zituen letrekin lotutako ikasketak, eta gainontzekoek, zientzietatik jotzen zuten; baina orain dela hiru urte, joera aldatu egin zen: gaur egun, gehiago dira letretako ikasketak egiten dituztenak, eta gutxiago zientzietatik doazenak». Horren inguruan, Josu Zeberio taldekideak, martxoan hizlari ekarri zuten Marta Macho matematikariaren berbak errepikatuz, zera dio: «Ume batek ez badauka modelo bat jarraitzeko , gaitz daukala haren pausoak jarraitzea. Eta nik uste dut egia dela. Herriarentzako modeloak egon behar dira». Arrazoi horregatik ere bada garrantzitsua antolatzaileen ustez hitzaldiak prestatzea; modeloak egotea, eta, tartean-tartean, Ondarroatik kanpo lan egiten duten zientzialarien lana ezagutzera ematea. Izan ere, nabarmendu dutenez, z
ientzialari ondarrutar asko kanpoan daude lanean, eta haien lana ezezaguna da.
Eboluzioa. Garapena agerikoa izan da. Hitzaldiak Beikozinin izaten dira, baina lehenengokoak ez, harrezkeroko guztiak areto nagusian egin dira, taberna giroan, eta pantaila eta guzti; hitzaldiak Periscopen bitartez jarraitzeko aukera dago, eta, horren eraginez, orain arte 268 ikus-entzule izan dituzte mundu osoan;
irudi aldetik jauzia eman dutela diote,
11barrik diseinatutako kartelekin; eta bereziki esker oneko sentitzen dira musutruk astelehen iluntzeetan Ondarraraino etortzeko prest egoten diren zientzialariekin, diotenez, zientzialarien izaera borondatetsuaren seinale. Beste alde batetik, entzuleak, zorroztasunez, kritiko agertu dira, zientzialari bai, baina horren komunikatzaile onak ez direnekin. Hizlarien aukeraketa oraindik eta gehiago zaintzera behartzen ditu. «Izan ere, oso komunikatzaile onak egon dira. Beraz, geuk probokatu dugun gauza bat da, eta mantendu egin behar da maila hori».