Eguraldi onak lagunduta surflariz bete ziren zapatuan Arrigorri hondartzako, badiako eta Artibai errekako urak. Arrigorri hondartzara hurbildutako parte hartzaile eta ikusle kopurua handia izan dela nabarmendu du probaren antolatzaile izan den Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak. “Egun borobila” izan zela azpimarratu dute, eta guztia ondo atera izanak hurrengo urteetan ere beste txapelketa batzuk antolatzeko energia areagotu diela nabarmendu dute.

Sup Raceko parte hartzaileak uretara sartzen. Argazkia: Eskilantxarri Ur Kirol Elkartea
Lasterketan maila ezberdinak egn ziren, eta bai Euskal Herriko zirkuitukoan eta baita herrikoian ere parte hartzaile ugari egon ziren. 12,6 oineko taulekin 6 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten. “12,6 long” mailan, mutiletan, Fabrice Hiribarrenek irabazi zuen 1:37:01eko denborarekin, eta nesketan berriz 15 urteko Cyara Palenzuela izan zen nagusi 1:47:56 denborarekin. “12,6 short” mailan berriz, Ramon Velasco eta Ainhitze Muñoa izan ziren garaile, 0:53:42 eta 0:55:23 denborekin hurrenez hurren. 14 oineko taulekin 12 kilometrotako ibilbidea burutu behar izan zuten eta maila honetan guztiek batera hartu zuten parte. Darrieumerlou Olivier izan zen nagusi 1:21:17 denborarekin.
Herrikoia. Federatuen lasterketaz gain, lasterketa herrikoia ere antolatu zuen Eskilantxarrik, nahi zuenak parte hartu zezan. Ondarroako badian egin zuten hauek lasterketa eta
Aritz Tena, Nacho Riera eta Aure Medina izan ziren azkarrenak. Umeenek ere izan zuten aukera lasterketa herrikoian parte hartzeko, eta herriko zortzi gazte aritu ziren nor baino nor. Antolatzaileek bereziki nabarmendu zuten lasterketa herrikoia, parte hartze handia egon zelako.
Eskilantxarri Ur Kirol Elkartekoek eskerrak eman nahi izan zizkieten antolakuntza lanetan lagundu dieten herriko enpresa, talde eta norbanakoei. Sari banaketarekin amaitutzat eman zuten Sup Race lasterketa.