Joseba Plazak entrenatutako mutilek 5-1eko porrotarekin amaitu zuten ligako 36. jardunaldia. Aurrerak merezi gabeko jipoia jasan zuen atzo Hurtado de Saratxo futbol zelaian. Lehen zatiko 30. minutuan aurreratu ziren etxekoak, baina Iraitz Larrañagak atsedenaldirako minutu bat geratzen zenean sartutako gol eder batek berdinketa eman zien ondarrutarrei.

Ander Olabarria Aurrerako jokalaria baloiarekin. Argazkia: Aurrera KE
Aldageletatik igaro ostean Aurrerarenak izan ziren lehenengo aukerak, oso garbiak biak. Beñat Arruabarrenak izan zuen lehenengoa, eta Iraitz Larrañagak bigrrena, baina bietan atezainarekin egin zuten topo. Handik gutxira, Soduperen aukerak iritsi ziren, eta hauek ez zuten barkatu. Bost minututan partidua haustea lortu zuten, eta markagailuan 3-1eko emaitzarekin apurtu egin zen partidua. Momentu horretatik aurrera etxekoak izan ziren jaun eta jabe, eta baloia ondo mugituz nagusitasunez iristen ziren Oier San Miguel atezainaren area ingurura. Azken hogei minutuak Soduperenak izan ziren, eta horrela heldu ziren laugarren eta bosgarren golak. Azkenean merezi gabeko 5-1eko porrota Aurrerarentzat.
Hau izan zen Joseba Plaza entrenatzaileak zelairatutako hamaikakoa: Oier San Miguel, Beñat (62´ Urresti), Sarasua, Elizburu, Laka, Gasturu (58´Arufe), Iraitz, Txus, Olabarria, Luken (64´ Tubo) eta Bengoetxea.
Zaletuak. Aurrerak aste osoan zehar zaletuei Sodupera joateko deia egin zien, eta hauek ez zuten hutsik egin. Taldeak jarritako autobusa leporaino bete zen, eta kotxeetan joandako ondarrutarrak ere ugari iza ziren. 100 lagun baino gehiago egon ziren atzo Hurtado de Saratxoko harmailetan Aurrera animatzen, baina taldeak ezin izan zien garaipena eskeini. Jokalariek eta entrenatzaileek zaletuak agurtu zituzten partidua amaitu zenean, eta hauek txalo zaparrada handi batekin eskertu zieten jokalariei egindako esfortzua. Taldeak sare sozialen bidez zabaldutako mezu baten bitartez eskerrak eman nahi izan dizkie atzo Sodupera joandako zaletu guztiei.

Aurrerako jokalariak zaletuak agurtzen. Argazkia: Aurrera KE
Bi jardunaldi geratzen zaizkio Aurrerari liga txapelketa amaitzeko, eta orain 17. postuan dago 37 puntugaz. Larunbatean, Real Sociedad C hartuko dute Zaldupen, arratsaldeko 18:00etan, eta azken neurketa Amurrioren aurka jokatuko dute maiatzaren 13an, etxetik kanpo, hau ere arratsaldeko 18:00etan.