Aprobetxatu gabeko lekuak dotore jartzeko asmotan ari dira ekimen hau aurrera eramaten zenbait herritar. Magdalena kalean, futbol zelai kanpoko lorontzietan edota udal liburutegitik Zaldupeko zubira doan aldapan hainbat landaketa egin dituzte.
Magdalenan auzolanean ari dira inguru horretan bizi diren herritar batzuk, eta lehen harriak zeuden lekuari bizia ematen ari dira orain. Gainera, Ondarroako konposta ari dira erabiltzen ongarri gisa. Herritarrek sei zamar poltsa atera zituzten orain lorategia jarri duten lekutik. Zaldupe inguruan berriz, berdeguneetan egin dituzte landaketak beste herritar batzuk, bedarra dagoen lekuak aprobetxatuz.
Ondarroako Udalak begi onez ikusi du ekimen hau: “Ederra da herritarrek euren iniziatibaz herria txukundu eta zaintzeko prestutasuna azaltzea, horixe da denon Ondarroa eraikitzeko bidea”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Aurrerantzean halako ekimenen bat landu nahi duen orori baliabideak eskeintzeko prest agertu da udala, eta horretarako beraiekin harremanetan jartzeko eskaria egin du alkateak.
Herritarrek auzolanean sortutako lorategia, Magdalena kalean. Argazkia: Ibai Muñiz