Gaztetxean egin zuten lehen bilera apirilaren 29an, eta zapaturako [maiatzak 6] deitu du Gazte Mugimenduak bigarren bilera, 12:00etan, Gaztetxean bertan. 30 bat lagun batu ziren lehen batzar hartan, eta Jaxak Martxan egitasmoa martxan jarri zuten. Jai gune alternatiboa eta jai eredu propioa sortzea dute helburu.
Andra Mari jaietarako egitarau osatuago eta indartsuago bat prestatzen dabiltza, bai txosnagunean eta baita bertatik kanpo ere, azken urteetan Gazte Mugimenduaren baitan lan guzti hori aurrera eramateko indarra falta izan dela iritzita. Batzarrean, lan taldeetan funtzionatzea erabaki zen, hori izango delakoan egitarau osatuago bat egiteko bidea. Txosnak Musika Plazan egotearen aldeko erabakia hartu zuten, uste dutelako gazteen artean badagoela nahikoa indar txosnagunea gaitasun handiagoagaz ustiatzeko.
Txosnaguneko eskaintza zabaltzea, gaueko ekintzak kontzertuetara bakarrik ez mugatzea eta beste emanaldi kultural batzuk eskaintzea, eguneko ekintzak ere egotea, Andra Mari Eguna bakarrik Gaztetxera ez mugatzea eta txosnagunearen eta Gaztetxearen arteko lotura indartu beharra izan ziren ondorio nagusiak.
Lau talde. Aurrerantzean, lau lan taldetan banatzea erabaki zuten, euren jarduna hobeto aprobetxatzeko: azpiegiturak, musika, egitaraua eta komunikazioa. Eta herriko gazteei dei egin zieten batzarretara joan eta egitaraua osatzen laguntzeko, eta guztien artean Andra Mari jai ederragoak antolatzeko. Ekarpen gehiago jasotzeko
jaxakmartxan@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute martxan, eta sare sozialetan ere kontuak zabaldu dituzte.
Gaztetxean egin zuten lehehengo batzarrean 30 bat lagun batu ziren. Argazkia: Jaxak Martxan.