Ondarroa 12 milia taldeko partaideak
Gure arrantzaren etorkizuna lantzen hitzaldia eskainiko du, eguaztenean [maiatzak 10] 19:00etan Kofradia Zaharrean. Arrantzak azken 50 urteetan izandako bilakaerari, gaur egun bizi duen egoerari eta etorkizuneko erronkei buruz mintzatuko da Belaustegi.
Ondarroa 12 milia plataforma duela bost urte sortu zen, gizarteak jakin dezan arrantza munduan zer nolako gehiegikeriak egin diren eta horrela jarraituz gero etorkizunean zer gertatuko den. Itsasoari “izugarrizko ustiaketa” egin zaiola onartu du Belaustegik, eta kutsadurak eta klima aldaketak ere asko eragin dutela sektorearen gainbeheran. Halaber, gaineratu du arrantzaleek dituzten lan baldintza txarrek ere arrantza kolokan jartzen dutela eta guzti horrek etorkizun hurbilean izango duen eragina “izugarria” izango dela. Azken urteetan, Ondarroako portuko txalupa guztien %85 desagertu egin da, eta horrek, sektoreak jasan ezin duen egoera bat erakusten du Ondarroa 12 milia plataformaren ustez.
Leo Belaustegi: “Beharrezkoa ikusten dugu gizartearen eta erakundeen parte hartzea, arazoari aurre egiteko, bestela gure arrantzak ez dauka etorkizunik”
Eguazteneko hitzaldian, Ondarroa 12 milia plataformak erronka eta arazo horiei zer nolako erantzuna eta konponbidea eman beharko litzaiokeen proposatuko du. Belaustegiren ustetan, arrantza sektoreak orain dagoen bezala jarraitzen baldin badu “amildegira doa”, eta urte luzez Euskal Herriko sektore garrantzitsu eta kostaldeko bizitza kultural eta sozialaren ardatza izandakoa desagertu egingo da. Beharrezkoa ikusten dute gizartearen eta erakundeen parte hartzea, “arazoari aurre egiteko”, bestela gure arrantzak ez dauka etorkizunik.