Bost urteren ostean, Gazte Eguna ospatuko dute Markina-Xemeinen
Bost urte ospatu barik egon eta gero, berriz ere indarberrituta dator Gazte Eguna. Hamabost urte betetzen ditu Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak 2017an, eta ospakizuna berreskuratzea erabaki dute. Urteurrenari keinu eginez, 15 urtez herrixe astintzen i...
Egun osoko egitaraua prestatu dute zapatuko jairako. 12:30ean hasiko da Gazte Eguna triki-txikiteoagaz. Babbelen elkartu eta herrian zehar ibiliko dira gazteak, trikiti doinu alaiagaz lagunduta. Gero, eguerdian, bazkaria edukiko dute Plazabarripean, 14:00etatik aurrera.
MGAko kideek aitatu dutenez, bazkarian parte hartu nahi dutenek txartelak erosteko aukera daukate oraindik. «Patxua eta Babbelen daude salgai».
Poesia musikatua
Gazte asanbladako kideek jakitera eman dutenez, Pobresiak taldeak emanaldia eskainiko du bazkalostean. Oñatiko Aimar eta Eñaut Uribesalgo anaiek osatutako bikotea Burgesiaren gauerdiko eztula lanean bildutako poesia musikatuak kantatuko dituzte. «Egungo gizarteari kritika umoretsua egiten diote», aurreratu dute.
Egitarauari amaiera emateko, iluntzean, berriro ere, kalejira egingo dute Gazte Eguneko parte hartzaileek herrian zehar. Oraingoan, baina, Urretxu eta Zumarragako kideek osatzen duten Traka-traka elektrotxarangak lagunduko ditu.
Gauerako ez dute ezer prestatu. «Berriatuko jaiak izanda, gauerako kontzerturik ez antolatzea erabaki dugu», azaldu dute MGAko kideek.