Gaur [maiatzak 4] hasita, hainbat gai jorratuko dituzte, eta tartean asanblada ireki bat ere egingo dute, herriko gazte zein helduentzat.
EGITARAUA:
- Gaur [maiatzak 4] 19:00etatik aurrera 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko Basker dokumental suediarra eskainiko dute, Argibel Euba etnografoaren azalpenekin. Dokumental hau Suediako SVT telebistak grabatu zuen Euskal Herrian 1963an, eta Eubak honi buruzko ikerketa luze eta zabala egin zuen.
- Maiatzaren 11n, 19:00etan, irrati libreei buruzko solasaldia egongo da gaztetxean. Ondarroako Radixu irratiko kideak irrati libreen kudeaketaz arituko dira. Bi egun geroago asanblada egingo dute gaztetxean, 17:30etan. Helburua herriko gazte zein helduen iritziak biltzea izango da.
- Maiatzaren 19an 22:30etan Ttotelak eta Zeze Miege taldeek txalaparta eta folk elektroniko emankizuna eskainiko dute gaztetxeko oholtzan. Emanaldi honetarako sarrera 3 eurokoa izango da.