Gure Esku Dago-ren sorreratik eragile eta herritarren babesa sumatu duzue? Joera nolakoa izan da?
Gure Esku Dago herri ekimen bezala jaio zen, eta herritarron babesari esker indartu eta gorpuzten joan da batez ere. Herritarrak dira egiten ditugun ekimen guztien protagonista nagusiak. Oinarritik hasita, herri eta auzoetatik, herritarrez osatutako mugimendu bat da Gure Esku Dago. Aurrera egin ahala, handitzen joan da herritarren babesa, giza katea egin genuenetik ia hiru urte igaro dira, ekimen ugari antolatu ditugu, eta olatuz olatu, parte hartzea handituz doa. Herri eragile askoren babesa ere gero eta handiago da.
Zergatik eman behar da botoa maiatzaren 7an?
Galdeketa erabakitze eskubidearen aldeko ariketa demokratikoa delako. Galdeketa iritzi ezberdinen topaleku bezala planteatzen dugu. Herritar guztiak parte hartzera deituak gara, ezezkoaren zein baiezkoaren alde gauden guztiak. Galderaren erantzuna ez da garrantzitsuena, garrantzia parte hartzeak berak dauka. Maiatzaren 7a erabakitze eskubidearen aldeko egun handia izatea nahi dugu, herritar guztien elkargune eta topaleku bilakatzea.
Independentistak Sareak eta EH Bilduk, besteak beste, erabaki eskubidea babestu eta baietz bozkatzera deitu dituzte herritarrak.
Gure Esku Dago-k hasiera-hasieratik herritarron parte hartzean jarri du indarra; beraz, guretzako garrantzitsua parte hartzea eta bozkatzea da, bakoitzak bere iritzia modu askean emateko aukera izatea. Euskal jendartea anitza da, beraz, aniztasun horretan eragile bakoitzak bere iritzia emateko aukera eta eskubidea dauka.
Aurreko galdeketak ikusita, zelako parte hartzea espero duzue?
Galdera hau erantzutea zaila da. Ez gara zifra bat emateko jokoan sartuko. Maiatzaren 7an ikusiko dugu!
Maiatzaren 7aren ostean, zer? Ze ibilbide edukiko du dinamikak?
Dinamikak aurrera darrai, ekainaren 10ean mobilizazio jendetsua egingo dugu Bilbon, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak batu, herritarron borondatea plazaratu eta erabakitzeko eskubidearen itun herritarra aurkeztuko dira bertan. Maiatzaren 7ko galdeketen olatu erraldoia eta gero, beste bi olatu etorriko dira 2017an: ekainaren 18an Nafarroa Garaian, eta udazkenean hirietara iritsi nahi dugu. Jada badugu 2019ra arteko gure ibilbide-orria adostua.
Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak elkar elikatzen ari dira.
Kataluniarrek erreferendumaren aldeko itun nazionala eraberritu dute, eta erreferenduma tresna eraginkor, demokratiko eta biltzaile gisa kokatu dute. Independentziari buruzko erreferendum lotesle bat egiteko lanean ari dira bete-betean, ehunka eragileren babesarekin. Katalunia bere bidea ondo egiten ari da, eta bai, bidea irekitzen ari da. Katalunian egindako lana eta bide propioa erreferentzia handia da euskaldunontzat.
HONEKIN LOTUTA: