Aurrera Kirol Elkarteko eta Lekeitio Futbol Taldeko nagusiek partidu oso garrantzitsuak jokatuko dituzte asteburu honetan. Biek daukate helburu bera, mailari eustea.
Aurrerak zapatuan [maiatzak 6] jokatuko du, 18:00etan, Zaldupen, Real Sociedad C taldearen aurka. Joseba Plazaren mutilek sailkapenean eurek baino 4 puntu gehiago dituen taldea izango dute aurrean. Liga amaitzeko jardunaldi bi baino ez zaizkie geratzen, eta jaitsiera postuak ekiditeaz gain, 2.B mailako talde euskaldunek maila galdu izanak sortutako jaitsierak ere saihestu beharko dituzte maila mantentzeko. Euskadiko Futbol Federazioak derrigortuta ligako azken bi jardunaldiak zapatuetan (bihar eta hilaren 13an) jokatuko dira, 18:00etan.
Omenaldia. Partidua hasi baino minutu batzuk lehenago,
Lur Aranburu eta Enara Bilbao gimnastikalari ondarrutarrak omenduko ditu Aurrerak, iragan astean Espainiako txapelketa irabazi zutelako Guadalajaran. Omenaldia 17:45ean hasiko da.
Lekeitio FT. Lekeitio Futbol Taldeko nagusiek hil ala biziko partidua jokatuko dute zapatuan [maiatzak 6], Sondikan. Partidua 17:00etan hasiko da, Basozabal futbol zelaian.
Asier Puenteren taldeak geratzen zaizkion jardunaldi guztiak irabazi behar ditu zuzeneko jaitsiera postuetatik atera eta hurrengo urtean ere Ohorezko Mailan jokatzeko.
Lekeitio azkenaurreko postuan dago sailkapenean, 21 puntugaz, eta bere aurreko taldeak, Abantok 28 puntu ditu. Hemen ere 3. mailako jaitsierak kontuan hartu beharko dituzte.