Udalak eta herriko entitate finantzario eta aholkularitza bulego guztiek sinatu dute hitzarmena udaletxean. BBVA, Felix Aholkularitza, Fideslan, Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Lagunkor eta Torrealday izan dira hain zuzen ere hitzarmenera batu diren enpresak.
Herriko entitate finantzario guztiek sinatu dute errenta aitorpena euskaraz egiteko hitzarmena Ondarroako Udalarekin.
Errenta aitorpena, euskaraz izenburua dauka Ondarroako Udalak herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzeko kanpainak. Azken urteetan Ondarroan euskaraz egindako errenta aitorpenen igoera ikusita, goranzko hori mantentzea da udalaren helburua. Zunbeltz Bedialauneta alkatearen esanetan, euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua goranzkoa izan arren, “oraindik ere lan handia dago egiteko”, kontuan hartu behar baita herritarren %79,10k euskara ezagutza nahikoa duela.
2014ko errenta aitorpenen%55,40 egin ziren euskaraz Ondarroan, eta iaz, %72,56ra igo zen kopuru hori. Hazkundearekin jarraitzeko, udalak, euskarazko publizitatea egiteko, sare sozialen eta Udalbarriaken bidez informazioa zabaltzeko eta herritarren eskura hiztegiak jartzeko konpromisoa hartu du.
Alkateak, herritarrak euren egunerokoan euskaraz aritzera eta euskaraz bizitzeko beste urrats batzuk ematera animatu nahi izan ditu.
Halaber, errenta aitorpenaren kanpaina amaitutakoan, datuak bildu eta argitaratu egingo dituela esan dute udal ordezkariek. Alkateak, herritarrak euren egunerokoan euskaraz aritzera eta euskaraz bizitzeko beste urrats batzuk ematera animatu nahi izan ditu, eta herritarrek beharrezkoak dituzten kudeaketa guztiak euskaraz egin ahal izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu du.
Hitzarmena sinatu eta gero, aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko gonbidapena luzatu die alkateak gaurko ekitaldian parte hartu duten erakunde guztiei.