Mutriku eta Deba arteko errepidean hobekuntzak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Agintaldiaren hasieran Mutrikuko Udalak aldundiari Mutriku eta Deba lotzen dituen errepidea konpontzeko egindako eskaria dela-eta egindako proiektua epe motzean aurkeztuko diete bai udalari eta baita herritarrei ere. GI-638 errepidean egin beharreko lanek
zirkulazioa hobetzea, segurtasuna areagotzea eta oinezko zein txirrindularientzako
pasealeku bat egokitzea du helburu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko sarrera nagusia den Debako errepidea konpontzeko konpromisoa hartu zuen udalaren eskariz. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatearen esanetan, Mutrikuk ezin du jasan herrira datorren
errepide nagusia hain egoera txarrean egotea, eta are gutxiago ikusita zer nolako auto, autobus eta kamioi zirkulazio handia egoten den egunero errepide horretan.
Errepidea hobetzeaz gain, oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasealekua ere egingo dute.
Mutrikuko Udalak egindako konponketa eskarian, errepidea hobetzearekin batera bizikletentzako eta oinezkoentzako pasealekua egitea ere jaso zuen, eta aldundiak onartu egin zuen eskari hori. Horretarako, 2016ko aurrekontuetan onartu zuten proiektua idazteko 249.260 euroko diru kopurua Bide Azpiegituren Sailaren barruan, eta proiektuaren zati batzuk zehaztea falta den arren, aste gutxiren buruan Bide Azpiegituren Sailak proiektua idatzita edukitzea espero du udalak.
Alkateak dio ez duela pertsonalki proiektua ikusi, baina uste du laster emango dietela behin betiko proiektuaren berri
Alkatearen esanetan, lanak 2018ko azken hilabeteetan hastea eta 2019ko lehen hilabeteetarako amaituta izatea espero dute. Dena den, lanen iraupena oraindik ere zehaztu gabe dago.
Aldundiko arduradunek egin dituzte jada bilera batzuk udaleko arkitekto eta aparejadorearekin, eta proiektuaren nondik norako nagusiak zehaztuta daude. Hobetu beharreko bi leku nagusi daude: Ondarbeltzetik Mutrikuranzko norabidean dagoen bihurgune estua eta Alkolea ingurua.
Bihurguneko arazoa ekiditeko, zabalera handiagoa eman behar diote errepideari, eta horrek mendiari lekua jan behar izatea eragingo du. Orain,
kamioi eta autobusek bertatik igarotzeko alboko noranzkora sartu behar izaten dute, askotan zirkulazioa eta atzetik datozen autoak geldiaraziz.
Alkolea inguruko arazoa konpontzeko, tunel bat egiteko proposamena egin zion udalak Bide Azpiegituren Sailari, eta haiek irtenbide hori gauzatzekotan geratu ziren, leku horretarako aukerarik onena zela iritzita.
Ondarbeltzetik Mutrikuraino egingo dituzte konponketak.
Errepidea hobetzeko lanek zirkulazioan eta herrian ahalik-eta eragin txikiena izan dezaten, bai Ondarbeltzeko bihurgunean eta baita Alkolean egin beharreko tuneleko lanak batera hasiko dituzte, data berean. Izan ere, errepidea itxita egongo da Ondarbeltzeko bihurguneko eta Alkoleako lanek irauten duten bitartean.
Berritu beharreko gainontzeko errepide zatiak eta egin beharreko beste hobekuntzak atalka joango dira egiten. Horrek eragina izango du zirkulazioan, eta, are gehiago, kontuan hartuta hori dela Mutrikura iristeko errepide nagusia.
Pasealekua. Errepidea hobetzeaz gain, bi metro eta erdi inguruko pasabide bat egingo dute errepide ondoan, Ondarbeltzetik Mutrikuraino. Pasealeku horrek «Getaria eta Zarautz batzen dituen pasealekuaren itxura» izango duela aitortu du Jose Angel Lizardi alkateak: «Ez dira bereiztuko oinezkoen pasabidea eta txirrindulariena, guztiak igaroko dira pasealeku beretik». Pasealekuaren zati batzuk errepidearen ondotik joango dira, baina beste batzuk gaur egun itsaso aldera dagoen mendi magalaren gainetik aterako dira.
Proiektua idaztea amaitutakoan, aldundiko teknikoek azalpenak emango dizkiete Mutrikuko teknikariei eta udalbatzari, eta ondoren, herritarrei aurkeztuko diete proiektua. Alkatearen esanetan, ez dago proiektua ezagutzera emateko data zehatzik, eta berak ez du pertsonalki proiektua ikusi, baina uste du laster emango dietela behin betiko proiektuaren berri.
Proiektua aurkeztutakoan, herritarrek teknikariei galderak egiteko aukera izango dutela nabarmendu du alkateak, proiektua hobeto ezagutzeko. Lanak hasi aurretik mutrikuarrek proiektua ondo ezagutzeari garrantzia eman zion alkateak.