Amoroto, «ginena eta garena»
Memoriaren Eguna ospatuz, amorotarrek Pedro Mari Gabiola herriko alkate izan zenari «merezitako omenaldia» egin diote. Iragana ezagutuz, aurrera begiratu dute.Xumea bezain polita. Horrelakoxea izan da amorotarrek Pedro Mari Gabiola Amorotoko alkate i...
Memoriaren Eguna ospatuz, amorotarrek Pedro Mari Gabiola herriko alkate izan zenari «merezitako omenaldia» egin diote. Iragana ezagutuz, aurrera begiratu dute.
Xumea bezain polita. Horrelakoxea izan da amorotarrek Pedro Mari Gabiola Amorotoko alkate izan zen eta 36ko gerran fusilatu zuten herritarrari egin dioten omenaldia. Amorotoko Memoriaren Eguna ospatuz, amorotarrek lehen zirena eta orain direna jaso, eta aurrera begiratzeko ekintza egin dute. Bide beretik, Amoroto, ginena eta garena,ahotik dokumentala ere estreinatu dute.San Migel aurrean batuta, Gabiolari «merezitako omenaldia» egin eta ikurrina igo zuten joan den asteko zapatuan. «Urte asko pasatu dira 36ko gerrak hainbat eta hainbat herri hankaz gora ipini zituenetik. Baina beste herri askok egin modura, Amorotok ere lortu zuen burua altxatu eta aurrera egitea», esan zuen Ziortza Ikaran alkateak.
Herri batentzat bere nortasunaz jabetzeko historia ezagutzea garrantzitsua dela iritzita ospatu zuten amorotarrek Amorotoko Memoriaren Eguna; «herriaren iragana ezagutuz pauso bat aurrera emateko».
Gabiola gogoan
Gabiolari aipamen berezia egin zion Ikaranek. Esan zuenez, Gabiolak fusilatua izan baino bi urte lehenago hartu zuen alkate kargua. «Plazan atxilotu eta Bilboko Larrinagako kartzelara eraman zuten; 1937ko irailaren 7an fusilatu zuten. Bi alaba eta Felisa Zubiaurre Onaindia emaztea utzi zituen».
Ikaran berbetan zegoen bitartean, aurrean zituen Gabiolaren senideak, bai eta urteetan Amorotoko alkate izan diren herritarrak. «Gaur gu denok hemen batu gara Gabiolari eta bere senideei merezi duten omenaldia eskaintzeko. Eta inoiz gehiago horrelakorik ez gertatzeko».
Jarraian, San Migel ermitaren aurrean Gabiolaren omenez jarritako oroigarria bistaratu zuen Ikaranek, eta Amorotoko Udalaren izenean beste oroigarri bat eman zien Gabiolaren senideei. Ostean, ikurrina igo zuten.
Ekitaldia amaituta, Amoroto, ginena eta garena,ahotik dokumentala estreinatu zuten; eliza bete-bete egin zen.