Amets Txurrukak agur esan dio txirrindularitza profesionalari
Luze hausnartu ondoren, beste etapa bati txanda ematea erabaki du Etxebarriko txirrindulariak. Sare sozialen bidez agurtu da. Eskerrak eman dizkie urte hauetan ondoan izan dituen guztieiBere bizitzako «etapa garrantzitsu eta eder bati» amaiera eman d...
Luze hausnartu ondoren, beste etapa bati txanda ematea erabaki du Etxebarriko txirrindulariak. Sare sozialen bidez agurtu da. Eskerrak eman dizkie urte hauetan ondoan izan dituen guztiei
Bere bizitzako «etapa garrantzitsu eta eder bati» amaiera eman dio Amets Txurrukak, berri bati txanda emateko. Sare sozialen bidez agurtu zen, joan den barikuan, bere ibilbide profesionalean alboan izan dituen guztiei eskerrak emanez. Ordutik, asko izan dira bere ibilbide profesionalagatik zoriondu eta pertsona modura goraipatu duten kirolari eta lagunak.Mailarik gorenari eusteko bere aldetik zuen guztia eman duela adierazi du Txurrukak, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkio. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan beste etapa bat hasteko erabakia hartu du. «Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide berri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut. Kirolaz beste modu batera gozatzekoa, alegia, txirrindulari eta zaletu izateari inoiz ez diodala utziko uste baitut».
2006an eman zuen txirrindulari profesionaletara jauzia Txurrukak. Umetatik amestu zuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zela adierazi du txirrindulariak.
Estimua garaipen
Barloworld (2006), Euskaltel-Euskadi (2007-2012), Caja Rural-Seguros RGA (2013-2015) eta Orica-BikeExchange (2016) taldeetan egin du lan, eta nahiz eta bidea erraza izan ez, txirrindularitzak kendu baino eman egin diola azpimarratu du Txurrukak: «Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere».
Bizikleta gainean zein bizikletatik jaitsita ondoan izan dituen guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie agurtzerakoan, batez ere zaleei, «klase handirik gabeko txirrindularia izan arren, handienen pareko» sentiarazi dutelako. «Garaipenek poza ematen dute, baina estimatua sentitzea ere garaipen ederra da».