Gernikarren errelatoa oroimenean idazteko
Oroimenaren ibilbidea egin zuten apirilaren 27an hainbat gernikarrek, historiaren helduleku bat erakutsiz: emakumeena. Errelato ofizialetik harago, bonbardaketako lekukoen oroimena berreskuratu nahi dute.Historia dokumentuetan bakarrik oinarritzen badu...
Oroimenaren ibilbidea egin zuten apirilaren 27an hainbat gernikarrek, historiaren helduleku bat erakutsiz: emakumeena. Errelato ofizialetik harago, bonbardaketako lekukoen oroimena berreskuratu nahi dute.
Historia dokumentuetan bakarrik oinarritzen baduzu, historia hori izango da dokumentuetan agertzen dena, eta gauza asko estalpean geratuko dira, inork ez du horien berri edukiko». Oroimenaren ibilbidea egiteko lanetan murgilduta dago Naia Torrealdai. Haregaz batera, Garazi Barrenetxea, Ibon Meñika, Xabier Enbeita eta Alvar Hervalejo. Errelato ofizialetik aldendu, eta Gernikaren kontakizuna berreskuratu nahi dute, historian sakondu.Hutsune bat bete nahian ari dira lanean. Diotenez, historia modu askotara lantzen da gaur egun, baina ez modu iraunkorrean; «herritarren kontakizuna konpartitzeko markoa sortu nahi dugu», diote.
Gernikako bonbardaketaren urteurrenetan, 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu zuten hiru ordu horietan gertatu zena izan ohi da gogoan. Baina memoriaren ibilbidea lantzen ari diren gernikarren esanetan, herritarrek ezer gutxi dakite bonbardaketa aurreko eta osteko Gernikari buruz.
Horrenbestez, errelato ofiziala «hankamotz» dagoela uste dute. Bonbardaketa historiaren testuinguru batean gertatu zela diote, eta errelatoak hortik jo beharko lukeela, aurreko Gernikaren eta osteko Gernikaren historia ere kontuan hartuta. Are gehiago, gaurko Gernikaren errealitatea interpretatzeko eta trantsizioa ulertzeko ezinbestekoa dela diote.
Transmisioa
Bonbardaketa bizi izan zutenen ahotik transmisio zuzena jasoko duten azken belaunaldikoak dira oroimenaren ibilbidea lantzen ari direnak.
Testigantzak bildu dituzte, eta testigantza gehiago biltzen jarraitzeko asmoa agertu dute; XX. mende hasierako oroimenak gordelekutik berreskuratu nahi dituztela diote, gero, horiek guztiak oroimen historikoan gordetzeko.
Egiaren transmisioa ondorengo belaunaldiei helarazteko ardura eta erantzukizuna dutela diote. Horretarako, historiari arlo ezberdinetatik heldu eta helduleku denetako testigantzak bildu gura dituzte. Emakumearen ikuspuntua izan da lehenengoa, eta oroimenaren ibilbidean erakutsi zuten, apirilaren 27an. Alabaina, ez da helduleku bakarra izango, proiektua bera «anbiziotsuagoa» delako.
Lekukoen kontakizunari ekarpen bat egin nahi diote, gaur egun garatzeko prozesuan dauden beste jarduera eta ekimenekin elkarpuntuak bilatuz. «Badakigu ezin dugula dena kontatu, baina lan lerroak zehaztu daitezke», diote.
Ahotsak-en datu basea iturri garrantzitsua dela diote, eta testigantzei dagokien garrantzia eman nahi diete. Izan ere, betiko kontakizunei errelato ofizialaren kutsua ere hartzen diete; «oso eraikita» daudela diote.
Herritarren erantzukizuna
Bestalde, Gernikako Lobak egiten ari diren lanari ere bere ekarpena egin nahi diote. Gernika 2037 ekimenagaz, Gernikako markak identifikatzeko lanean dira. Izan ere, Torrealdaik, Meñikak eta Enbeitak azaldu dutenez, bonbardaketa aurreko eta bonbardaketa garaiko Gernikaren ezer gutxi geratzen da herrian. «Nahita ezkutatu zituzten bonbardaketarekin zerikusia izan dezaketen espazio guztiak».
Hala, espazioak identifikatuta, oroimenaren ibilbidea ere horiek ezagutzera emateko euskarri bat izan daiteke; «herritar modura erantzukizun bat daukagu, eta horri heldu behar diogu, ez bakarrik kritikan geratu».
Era berean, Gernika Batzordeak bere sorreratik igaro diren 42 urteetan egin duen lanari jarraibidea ematea ere badute asmo, egindakoari «aitortza» bat ematea, hain zuzen. Aitortza hori, gainera, egunerokotasunari begira eman nahi diote, gazte belaunaldiei begira, eta oroimena, orain, 2017. urtetik landu. Hain zuzen, oroimenaren ibilbidean lanean dabiltzanek diotenez, memoria egunero landu behar den zerbait delako.