Ozeanoak zaintzearen garrantzia zabaldu gura du aurten Arrain Azokak
Lehenengoz, Kofradia Zaharra zabalik egongo da, eta hegaluze errea eta marmitakoa dastatu ahalko dira. Lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzeko izango daIritsi da 23. Arrain Azoka. Gaur 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta dom...
Lehenengoz, Kofradia Zaharra zabalik egongo da, eta hegaluze errea eta marmitakoa dastatu ahalko dira. Lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzeko izango da
Iritsi da 23. Arrain Azoka. Gaur 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta domekara arte, ekitaldiz beteta dator. Aurtengo Arrain Azokaren helburu garrantzitsuetako bat ozeanoak zaintzea guztion ardura dela zabaltzea izango dela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «guztion erantzukizuna baita».Mezu hori zabaltzen laguntzeko, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak (Plentziako Itsas Estazioa PIE), Aztik eta Ternua eta Opeguik martxan dituzten hainbat proiektu aurkeztuko dituzte LOG gunean, tradizioa eta berrikuntzak uztartzen dituen Lehena-Oraina-Geroa gunean, hain zuzen ere. Izan ere, aurten, bigarrenez, LOG gunea hartuko du Arrain Azokak.
Gune berean, Etxebastarrek antolatuta, Jurgi Arejita sushimanak sashimi kalitatezko hegaluzea aurkeztuko du. Gainera, Mondragon Unibertsitateko kideak egongo dira bertaratzen diren guztiei Arrain Azokak eskaintzen dituen aukera guztien berri ematen.
Urtero berritasunak bilatzen saiatzen direla diote antolatzaileek, eta, aurten ere egongo dira. Lehenengo aldiz, Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu. Bertan, hegaluze errea eta marmitakoa jateko aukera edukiko dute bertaratutako guztiek. Ekimen horrek, gainera, helburu solidarioa dauka, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzeko bideratuko da. Jakinarazi dutenez, 100 boluntario inguru ariko dira lanean.
Berritasunekin jarraituta, aurten, nautika eskolako nabigazio simulagailura bisitak antolatu dituzte; barikuan eta zapatuan bisitatu ahalko da. Aita Guria baleontziak, beste alde batetik, Arantza Goienetxearen Sabor, Zabor! erakusketa hartuko du, baleontziaren ordutegian. Asteburuan, doan bisitatu ahalko dira baleontzia eta Arrantzaleen Museoa. Ortube ontziak ere presentzia izango du aurtengo Arrain Azokan; Nestor Basterretxean jarriko dute ontzian egiten ari diren lanaren erakusketa.
Urtero legez, umeek ere lekua izango dute. Gune didaktikoan, itsas ondarea eta tradizioak erakutsiko dizkiete, bai eta horiek zaintzen ere. Horrez gain, ozeanoak zaintzeak duen garrantzia nabarmenduko dute han antolatutako jarduera guztietan. Horretarako, hiru egunetan hainbat ekimen izango dituzte aukeran: sukaldaritza tailerrak, era- kusketak, proiekzioak, jolasak, eskulanak… Beste alde batetik, gaur, 17:00etan, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die Galerna elkarteak. Irteera izotz fabrika aurretik izango da.
Mater itsasontzia ere Bermeon egongo da beste behin ere, eta arrain salmenta simulazioak ez dira faltako, data hauetan bakarrik ikus daitezkeenak.
Ekimen bat nabarmendu gura izan dute. Izan ere, aurten, Bermeorainoko ibilbidea antolatu du Leintz Gatzagako Gatz museoak, arraina eta ardoaren ibilbidea jarraituz. Leintz Gatzagan egiten den gatza Bermeko kontserba lantegietara ekartzea dute helburu.
Lameran dagoen karpa txiki batean, bestalde, hainbat eratako jatekoa aurkitu ahalko da.
Arrain Azokak 19 salmahai izango ditu aurton. Horietan, enpresek eta erakunde ezberdinek horien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko. Horrez gain, arrantza mundua erakutsiko dute. Gaur eta bihar 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta, domekan, berriz, 11:00etatik 15:00etara.
Azokak, gainera, jai giro ezin hobea sortzen du urtero Bermeon. Herriko kultur taldeen parte hartzeari esker, asko izango dira hiru egunetan egongo diren ekimen kulturalak: fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak…
Tren eta botila zerbitzu
Bermeora etorri gura dutenentzat Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan, eta herrian, Matxikortan, Landabasoko industrialderako bidean eta udal azokako aparkalekuan aparkatzeko aukera dago.
Arrain Azokak Bermeorentzat duen garrantzia nabarmendu du alkateak, Euskal Herrian mota horretako lehenengo azoka dela gogorarazita: «1994. urtean hasi ginen azoka antolatzen kontserberak eta udala elkarlanean, eta erreferente izateko lanean ari gara urtero, apustu garrantzitsua izanik».
Udalak jakinarazi duenez, hirugarren urtez, kanpaina berezi bat jarriko dute martxan azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. Aipatu kanpainan, 44 tabernek parte hartuko dute, iaz baino bat gehiagok.
Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan kanpainari buruzko informazioa eskaini da, eta nahi dutenentzako gurpildun ontzi bat utziko da botilak bertan batzeko. Langile bat pasako da aldizka lokaletatik ontzi beteak edukiontzi berdera eroateko eta bueltan ekartzeko. Bilketa gaur eguerdian eta iluntzean egingo dute; bihar, eguerdi, iluntze eta gauean, eta domekan, eguerdian.
Euskaraz bizitzeko aukera
Bertaratzen diren guztiei euskaraz bizitzeko aukera eman gura die udalak. Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirrek azaldu duenez, tabernetan euskal musika entzuteko aukera zabaldu nahi dute. Horretarako, Spotifyn zerrenda publikoa sortu dute: Arrain_Azoka_2017_Euskeraz.
Aipatu zerrenda erabiltzera gonbidatu gura dituzte Bermeoko tabernariak, guztiek euskaraz dantzatzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, udalak herriko hainbat eragileekin elkarlanean martxan jarri duen Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina aurten ere Bermeoko Arrain Azokan presente egongo da. Kanpainarako egin duten bideo-photocall karpan, Kalinpaospatzennek lagunduta, euskaraz egiteko arrazoiak azaldu ahalko dituzte nahi dutenek, barruan grabatuko diren bideoetan zein kanpoan atera ahal diren argazkietan. Helburu bat ere jarri dute: 100 bideo egitea eta 300 argazki ateratzea.