Atzo goizean [maiatzak 22] Mutriku B.H.I. eta San Miguel ikastetxeko neska-mutilek ikasturtean landutako eta iazko udalbatzan onartutako erronken berri eman zieten udal ordezkariei. Ikasleekin batera, Jose Angel Lizardi alkatea, Josebe Astigarraga zinegotzia eta udaleko idazkaria eta arkitekto-teknikoa egon ziren.
Debabarreneko ikasleek, biodibertsitatea eta geoaniztasuna landu dituzte aurten, Debegesa garapen agentziak koordinatuta, eta atzoko bilkura berezian ikasleek urtean zehar egindako lanaren berri emateaz gain, herriaren egoera hobetzeko proposamenak ere aurkeztu zituzten.
Ikasleak eta udal ordezkariak, bilkura berezian.
San Miguel ikastetxeko gazteek, hainbat proposamen luzatu zizkioten alkateari, Mutrikuk daukan ingurune naturala mantentzeko eta sustatzeko: flyschari buruzko mutrikuarrengana gehiago helaraztea, Nautilus museoa sustatzea eta bere edukiak ezagutzera ematea, herriaren kanpoaldean dauden kobak eta hauen sarrerak garbi mantentzea, akuiferoen garrantziaz jabetzea eta Bentalekua ahal den neurrian berreskuratzea, besteak beste. Institutuko ikasleen bozeramaileek berriz, herrian dauden pintadak ezabatzea, monumentuen inguruan informazio gehiago jartzea eta landare inbaditzaileekin amaitzea eskatu zuten.
Ikasleek, proposamenak egiteaz gain, konpromisoak ere hartuko zituztela agindu zieten udal ordezkariei, eta guztien artean proposamen horiek aurrera ateratzen laguntzeko hitza eman zuten. Alkateak, “herrian dauden altxorrez jabetu beharra” nabarmendu zuen, Mutrikuk daukan ondarea herritarrek ere kanpotik datozenek baloratzen duten beste kontuan hartzeko. Herriko ondarea ezagutzeko, alkateak
El enigma de Mutriku aplikazioa erabiltzera bultzatu zituen bertaratutakoak, modu erraz batean eta galdera-erantzunetan oinarritutako jolas baten bidez herriko historia ezagutzeko modua delako.
Jose Angel Lizardi, Mutrikuko alkatea, ikasleei azalpenak ematen.
Bentalekua. Bilkura berezira gerturatutakoek, Bentalekua Museoari buruz geldu zioten alkateari. Bentalekuak, su hartu zuen otsailaren 4an, eta hori dela eta bertan zegoen ondarea hauts bihurtu zen. 1924an eraiki zen Bentalekua, Mutrikuko Kofradiarekin batera, eta zeukan balio historiko guztia galdu zen otsaileko sutean. Alkateak esan zuen, Eusko Jaurlaritza dela Bentalekuaren jabea, baina jarriak direla harremanetan bi erakundeak eraberritze prozesua egiten ahalegintzeko. Udalaren nahia, berezko planoak berreskuratu eta garai bateko arrain salmentaren ahozko tradizioaren erreplika egitea da. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartearekin ere harremanetan jarriak dira. Alkateak aitortu zuen, Bentalekua berregiteak “nahi baino denbora gehiago” eramango duela, baina espero duela Bentalekua berregitea.
Alkateak, eskari birekin amaitu zuen atzoko bilkura berezia. Lehenengoan, herritarrei eskatu zien Mutrikun dagoen birziklapen sistema erabiltzeko, beharrezkoa dutelako gehiago birziklatzea. Bigarren eskaria, ikasleei beraiei zuzendutakoa izan zen. Kaleko garbitasuna mantentzeko, itsasora hondakinik ez joateko eta bide batez gehiago birziklatzeko, euren denbora librean jaten dituzten gozoki eta abarren hondakinak dagozkion edukiontzietara botatzeko.
Bilkura amaitu zenean, ikasleek eta udal ordezkariek argazkia atera zuten udaletxe azpian.