Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Etxebarriatik, Markina-Xemeindik eta Ziortza-Bolibarretik barrena Ondare Ibilbidea egin zuten zapatuan, Simon Bolivar museoaren eskutik.
“Lehenengoz antolatu dugu; aurreko urteetan museoan bertan ipuin kontalaria edo erakusketaren bat antolatu izan dugu eguna ospatzeko. Polito irten zen, eta pozik geratu ginen. Ondare dastaketa egin genuen, eskualdeko ondarearen parte bat erakutsiz”, azaldu dute Simon Bolivar museoko arduradunek.
27 pertsonak burutu zuten ondare ibilbidea. 09:30ean Bolibarretik irten, eta
lau orduz aritu ziren aipatu hiru udalerrietako altxorrak bertatik bertara ezagutzen.
Ziortza-Bolibarretik Barinagara autobusean heldu ziren. Ibarguengo garaia izan zen bisitatu zuten lehenengo ondarea. Handik, Markina-Xemeinera joan eta Murga jauregiaren kanpoaldean museoko arduradunen azalpenak entzun zituzten. “Gero Xemeinera joan, eta eliza, kanposantua eta Patrokua jauregia bisitatu genituen, eta handik Esperanza y CIA arma fabrika izandako Hesia eraikinera pasatu ginen”.
Ondoren, Arretxinagan egin zuten hurrengo geldialdia. Han zubia, ermita eta antzinako udaletxeari buruzko azalpenak entzun, eta Barroetara joan ziren. “Barroetan presa, ermita eta dorretxeari buruz berba egin genuen, eta jarraian, autobusa hartu eta Ziortzara joan ginen hango multzo erlijioso guztia ikustera”.