Bi herrietan zapatuan [maiatzak 27] egingo dituzte ospakizunak. Eta bi herrietan baita ere, egun osoko egitarauak antolatu dituzte.
Mutrikun, Gure Ametsa Dantza Taldeak antolatu du jaia.
12:30ean kalejira egingo dute Beheko Plazatik hasita, dantzari, txistulari eta trikitilariek, denek batera, eta ondoren,
14:30ean, bazkaria egingo dute.
18:00etan, Bide Batez erromeria taldeak girotuko du herria, Beheko Plazan eskainiko duten kontzertuagaz.
Mutrikuarrak, iazko Euskal Erromerian.
Lekeition, ez dira bakarrik egongo, beste dantza talde batzuk ere gonbidatu dituzte jaialdira. Jai giroan amaituko dira Zaletxuak elkarteak antolatzen dituen euskal dantza ikastaroak. Euskal Erromerian batuko dira dantzariak, zapatuan, eta entseguetan ikasitakoa praktikara eramango dute, herria dantza giroz alaituz.
Lekeition egongo dira baita ere
Amorotoko Arta Nagusia dantza taldekoak, Ispasterko taldekoak, Deustuko Mikeldi dantza taldekoak, Goierri Dantza Taldekoak eta Eatik etorriko den dantzarien talde bat. «Aurten Mungiako dantzariek huts egingo digute, Ibilaldia dutelako, penaz gelditu dira, baina ezin dira etorri», azaldu du Nere Jauregi Zaletxuak taldeko kideak. Hala ere, guztira,
120 dantzari inguru batuko dira.
Dantzariak joan den urteko Euskal Erromerian dantzan. Argazkia: Zaletxuak
Lekeition,
goizean Merkatu Plazan batu eta hamaiketakoa edukiko dute jantzi eta zapiak jartzen dituzten bitartean. Bertatik hasiko da eguerdiko
kalejira, 12:00etan. Dantzariak, moilatik plazara eta handik Eskolaperainoko ibilbidea egingo dute Aittitta Makurrako
Txikirri-Txikirri taldeak lagunduta. Bazkaria aurten Kontzijopean izango dute dantzariek, erromeria gunetik gertu.
18:00etan hasiko da Trikizio taldearen erromeria, beste urteetan baino arinago. Izan ere, aurten
Lekittoko Bandak 150 urte betetzen dituela eta, Legazpiko Musika Bandak joko du elizan, eta erromeria ordurako amaituta egoteko aurreratzea erabaki dute Zaletxuek. «Lehenako erromerietan bezala, jaia egunez ospatuko dugu».
Amaitzeko,
Baigorriko Gaiteroek joko dute erromeriko Larrain dantza, eta aurtengo
Euskal Erromeria 21:00ak aldera amaituko da.