Azken hileetan, Ondarroan, lorak landatu dituzte futbol zelaiaren kanpoko lorontzietan, udal liburutegitik Zaldupeko zubira doan aldatsean eta Madalena auzoan, Zaldubide atzean. Madalena auzokoen lanak balio dezake
auzolanean ernetzen hasi diren ekimen hauen guztien adibidetzat. Zaldubideko etxebizitzak eraiki zirenean, mendiaren atzeko partea sareagaz babestu zuten, eta petrila ipini. Madalena auzoko etxeek parez pare daukate Zaldubideko atzeko aldea, eta denborak aurrera egin ahala, mendiaren eta petrilaren arteko eremuan zikinak pilatzen ari zirela jabetu ziren. Euretako batek,
Iñaki Gartziak, inori ezer esan barik eta jakinik aurretik zeukan lana ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula, beharrari ekin, eta ingurua txukuntzen hasi zen. «Mendiaren paretaren eta petrilaren arteko zati horretan belarra hazten eta zikintzen joan da, eta zikina dagoen lekuan joera da zikin gehiago batzea. Zamarleku bihurtzeko arrisku handia zegoen», adierazi du Gartziak.
Zaldubide atzean zikinik ez pilatzea da Madalena auzokoen helburu nagusia
Otsailaren azkenak ziren, eta Gartziaren ekimenaz jabeturik, aurretik ere zer edo zer egiteko premia bazegoela ikusten zuten auzoko hainbat lagun zereginean batu zitzaizkion, denak kezka beragaz. Zazpi zaku batu zituzten zikinekin, eta beste horrenbeste zaku lur ekarri. Oraindik gutxiegi, dena dela. «Udalak konpost piloa ekarri digu, baina, batez ere, lurra da behar duguna, lur asko», esan du Gartziak.
Miguel Prieto, Enkarna Aranguren, Rosa Mari Amutxastegi eta Iñaki Gartzia, Madalena auzoko bizilagunak
Lorak zaintzeak eskatzen duen ardurari erantzunez, euria falta denean, etxeetatik ur baldakadak jaisten dituzte. Beste alde batetik, Gartziak lehendik ere lore zaletasuna edukirik, badaki goizean paretean jotzen duen eguzkiak islada egiten duela lurrean, eta horri aurre egiten ahalegintzen dira auzolanean jaitsitako ur baldakadokin. Inguruak hartu duen itxuraz pozik daude, eta jendeak errespetatuko duen itxaropentsu. «Jendeak
garbi jokatzea nahiko genuke, hemen ez bakarrik, baita herri osoan ere, ze herria zikinez gainezka dago, eta herria garbi eduki nahi dugu; ez kanpotik datozenentzat, geutzat ondarrutarrontzat baino», nabarmendu du Madalenakoak.
Aurrera begira jarrita, inguru guztia atontzen amaitzea besteko garrantzitsua izango da mantenimenduaz arduratzea, Gartziak dioenez. Sartu dituzten lore batzuk urte guztirako dira, geranioak eta kaktusak, esate baterako; horiez gain, sasoian sasoikoak sartuko dituzte eta landare igokariak ere bai. «Lana indo dago. Ingurua zaintzen badugu eta auzolanean egiten badugu aurrera, gure helburua beteta egongo da».
Kamiñazpiko esperientzia. Zaldubideko esperientziak badauzka aurrekariak. Kamiñazpikoa da aspaldikoenetakoa, aspaldikoena ez bada. 50 urtetik gora daramatzate
Miren Zubikaraik-eta hiru lagunen artean etxe aurreko lorategia atontzen, eta ia beste horrenbeste urte dira
Marisabel Ituartek eta
Benita Zulaikak etxe aurreko lurretan zeregin berari ekin ziotenetik.
Kamiñazpin, etxeak eginaz batera hasi ziren lurrak atontzen, orain 50 urtetik gora
«Auzoa egin zutenean, adreiluak pilatu ziren, eta eremu horietan landatu genuen. Beraz, lurzorua eztainua da. Benita Zulaikak eta biok belar zahar guztia atxurtu behar izan genuen», esan du Ituartek. Eta denbora modura, dirua ere joan zaie zereginean. «Zenbat diru gastatu dugun guk loratan…!», gaineratu du. Miren Zubikaraigaz batera lanean hasi zirenak baserritarrak ziren, eta, hortaz, lurrak prestatzean abantaila eduki zutela esan du. «Hainbeste kala sartu genituen; gero, larrosak… Eleganteago egoten ginen…», gogoratu du Zubikaraik.
Maisabel Ituarte eta Miren Zubikarai, Kamiñazpiko bizilagunak
Ituartek eta Zubikaraik modura, beste batzuek ere hartu dute etxe inguruotako lurren ardura. Eder ageri dira Kamiñazpi labirintikoko etxe tarte ugari. «Gauza bi baino ez ditugu eskatzen: jendeari errespetuz jokatzea eta udaleko beharginei belarra sarriago ebakitzera etortzea», esan du Ituartek.
Kolore leherketa. Bataren eta bestearen lorategiak emankor ageri dira denen bistara, margarita, hortentsia, larrosa hori eta gorri koloretsuekin. Urteekin joan dira ikasten botanikaren gainekoak, orduak sartuta. Edozelan ere, ez dira gaine-gainean egoten. Gogoak ematen dienean egoten dira lorategia zaintzen. Sikantza dagoenean baino ez dute euren burua derrigortzen, etxeko iturrira tutu malgua lotu eta lorak ureztatuta.
Bueltan jasotzen dutena handia da. Marisabel Ituartek dio domeka goiza erraz pasa ahal duela bertan, lasai baino lasaiago, eta Miren Zubikaraik dio behin baino gehiagotan balio izan diola lorategia zaintzeak barruko haserreak baretzeko.