Azken urteetan asko idatzi izan da Mutrikuko Saturrarango emakumeen kartzelaren inguruan; memoria historikoaren alde, han gertatutakoak jasota geratzeko eta ahanzturan ez erortzeko ekintza asko egin izan dira. Oraingoan,
Klitto! feminismoaren inguruko aldizkari digitalak Garazi Lizaso arkitektura teknikoko ikasle usurbildarrak Saturrarango kartzelaren inguruan egindako Zaharberritzearen master amaierako lanaren inguruko artikulua argitaratu du.
Ondarearen ikuspegitik abiatuta egin du lana Lizasok. «Ez da kasualitatea Saturrarango emakume kartzela ahanzturan erori izana. Arrazoietako bat da garai batean ez zutela ondare historiko izendatu; babesa edukiko balu, eraikina bere horretan mantenduko litzateke». Izendapenik gabe, eraikina 1983an eraitsi egin zuten. «Eta, ondorioz, ezer gutxi dakigu kartzelaren egituraren inguruan».

Saturrarango kartzela eta inguruko eraikinak. Argazkia: Ondarroako Historia Zaleak.
Lizasok dio arkitektura tresna bat dela, eta ez soilik artea edo zientzia objektiboa. «Jendarte jakin bateko baloreak materializatzen dituen tresna da. Eta ematen zaion erabileraren arabera, ankerkeria asko egin daitezke».
Saturrarango kartzela
ez zen espetxe izateko sortu, ez zen horretarako diseinatu. «Baina, hala ere, eduki duen erabileragatik, intentzionalitate asko agerikoak dira. Ez da kasualitatea emakumeak ezaugarrien arabera pabiloietan banatu izana». Horrek, hain zuzen ere, elkarren arteko harremanak zailtzea eta matxinadak saihestea zekarrela dio usurbildarrak.
Preso egon zirenek hiru zigor mota jasan zutela dio Garazi Lizasok: altxamendu frankistaren aldekoak ez izateagatik kode penalak ezarritako zigorra, «emakume on» ez izateagatik jasan zuten zigor soziala, eta autozigorra.
Hezetasuna eta ura zuten ziegak zigor gela moduan erabili zituzten. «Gainpopulazioa ere arazo larria izan zen; 160 pertsonako komun bakarra zegoen. Komunek, gainera, ez zuten aterik; horrek eginbehar fisiologikoak zigor bilakatzen zituen. Umiliazio jarraitu bat bizi zuten bertako emakumeek».
Zinkezko ontzian egiten zuten egin beharrekoak, eta ondoren zetorrenak ikusi egiten zuen. «Gainera, espetxean haurrak ere bazeuden. Higienea ukatu zitzaien, eta horrek norbere buruarekiko sortzen duen higuina zigor handia zen».
Haurrak bataiatu. Lizasok Saturraranen preso egon zirenek hiru zigor mota jasan zutela dio: altxamendu frankistaren aldekoak ez izateagatik kode penalak ezarritako zigorra, «emakume on» ez izateagatik jasan zuten zigor soziala, eta autozigorra. «Zigor sozialak eragin pertsonal handia dauka; haien burua zigortzen dute sozialki erakutsi ditugten ama on hori ez izateagatik. Zaintzaile rola edukitzetik zaindutako subjektu izatera igarotzeak barne gatazka sortzen du emakume presoengan».
Horren adibide modura, ondokoa aipatzen du: «Saturrarango espetxean zeuden haurrak bataiatu egiten zituzten, eta ondoren, prentsan argitaratu. Kontuan hartuta presoak, oro har errepublikanoak eta laikoak zirela, umiliazio ikaragarria zen hori haurren amentzat; zigor soziala eta autozigorra, erabatekoa».
Halaber, kartzelaren lehen aldian, haurren euren
amekin 6 urtera arte bizitzeko aukera zutela dio. «Hor atzean badago idatzi gabeko lege bat. Sozialki erabat barneratuta dago amek izan behar dutela haurren zaindari».
Kartzela egiturak andrazkoak infantilizatzeko sekulako joera dagoela dio. «Gaur egungo espetxeetan ere gauza bera gertatzen da. Saturraranen, sermoien bidez eta dotrinaren bitartez alaba, emazte eta ama ‘on’ bilakatzeko emakumeak ‘berbideratu’ egin nahi izan zituzten».
Emakume eredu bakarra. Frankismoak lurrak eskuratu ahala, presoak ere gehitu egin ziren, eta horiek edukitzeko espazioak behar zituztenez, edozer bilakatu zuten espetxe. Horrela sortu zen Saturraran. Mojak, berriz, kartzelazainak bihurtzu ziren».
“Gaur egun ere, orduan bezala, emakumeek sozialki esleitutako rolaren araberako lanak egiten dituzte kartzelan”
Kartzelak helburu birsortzailea daukala dio. «Egitura paternalista da. Emakumeen eredu bakarra sutatzen du espetxeak. Eredu horren arabera, emakumea ez da inoiz bere kasa ekin eta pentsatzeko subjektua».
Garai bateko emakumeen kartzelak eta gaur egungoen artean antzekotasun handia dagoela dio. «Pareko patroiak jarraitu izan dira emakumezkoak zigortzeko. Gaur egun ere, orduan bezala, emakumeek sozialki esleitutako rolaren araberako lanak egiten dituzte. Emakume askok salatu izan dute kartzelako ekintzetarako eskaintza gizonek aukeratu ez dutenaren araberakoa dela; soberakinekin bizi direla».