VI. Antiguako Ama estropada jokatuko da Ondarroako badian, bihar
VI. Antiguako Ama estropada jokatuko da bihar Ondarroako badian. Ondarroa Arraun Elkarteak antolatuta, 17:30ean emango diote hasiera aurten seigarrengoz jokatzen den estropadari. 25 traineru ariko dira denetara lehian, neskenak eta mutilenak kontuan ha...
Erlojupeko proba izango da, eta lau txandatan banaturik minutu bateko aldeagaz joango dira ateratzen traineruak, bai neskenak eta baita mutilenak ere. Lehenengo txandan nesken ontziak ariko dira, eta ateratzen lehenengoa Ondarroa Arraun Elkarteko eta Isuntzako neskek osatutako Lea-Artibai ontzia izango da, 17:30ean. Guztira, neskez osatutako bost ontzi egongo dira uretan.
Bigarren txandatik aurrera hasiko da mutilen lehia. 17:55ean Lapurdiko Arraun Taldeak emango dio hasiera mutilen estropadari, eta haien atzetik beste sei traineru aterako dira.
Hirugarren txanda 18:30ean hasiko da, eta ateratzen lehena Santurtzi izango da. Ondoren, beste sei ontzik hartuko dute irteera, tartean Lekittarra traineruak. Laugarren eta azken txanda 19:05ean hasiko da San Pedrogaz, eta pasaitarren ostean beste lau ontzik ekingo diote estropadari, tartean Ondarroakoak eta Bermeokoak. Irteera hartzen azkenengoa Antiguako Ama trainerua izango da. Ondarrutarrak 19:09an atera beharko dute.