Bizkaiko bertsolaritzaren plaza izango da Markina-Xemein
Egun osoko jaia antolatu du zapaturako Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Eskolarteko finalak jokatuko dira goizean, eta Taldekakoa arratsaldeanBertsolari eta bertsozaleen topaleku izango da zapatuan, Markina-Xemein. Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema os...
Egun osoko jaia antolatu du zapaturako Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Eskolarteko finalak jokatuko dira goizean, eta Taldekakoa arratsaldean
Bertsolari eta bertsozaleen topaleku izango da zapatuan, Markina-Xemein. Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema osoa eskualdez eskualde eta etenik barik elikatu eta bertsogintzaren oinarria motibatu, finkatu eta garatzea helburu, Bizkaiko bertsolaritzaren jaia antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertan. Egun osoko jaia izango da; goizean Eskolarteko finalak eta arratsaldean taldekako finala jokatuko dira.Atzo goizean aurkeztu zuen jaia, Markina-Xemeinen, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Taldekako finalean egongo diren hiru taldeetako ordezkariak ere batu ziren bertan, bertsozale guztiak finalera gonbidatzeko: Abadiñoko Koipelustre’s, Iurretako Bertso Taldea eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak. Markina-Xemeingo taldeko kideek urduri, baina gogotsu daudela aitortu zuten. «Pisu handia da finalera pasatzea bera, eta gehiago norbere herrian kantatu beharra». Beste bi taldeek maila handia dutela ere gaineratu zuten. «Ohore handia da guretzat Kristina eta Justo moduko bertsolariekin edo Abadiñokoekin kantatzea». Finala, bestalde, zabalik dagoela uste dute. «Talde lana hobetoen egiten duenarentzat izango da garaipena».
Gaztetxoen lanketa
Asko dira Bizkaian bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak. Landutako hori guztia gazteenei zuzendutako Eskolarteko sariketan erakutsiko dute, idatzizkoan lehenengo, eta bat-batekoan ondoren.
Idatzizko finala 10:00etan hasiko da, Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta Bizkai osoko 150 gaztetxo inguru batuko dituela jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Ordubete inguru izango dute bertsolari gazteek proposatutako ariketak egiteko. «Gaztetxoak 5 mailatan egongo dira banatuta: 5. maila, 6. maila, DBH1, DBH2, DBH3 eta Batxilergoa».
Bat-bateko finala, 11:30ean hasiko da. Zortzi bertsolari gaztek egingo dute bertsotan, tartean, Beñat Bilbao Landa gernikarrak. Beragaz batera igoko dira oholtzara: Aritz Landeta Terceño, Bittor Altube Sarrionandia, Eztizen Artola Iturrate, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iruri Altzerreka Martinez, Maider Barañano eta Naroa Torralba Rodriguez.
Herrikoak finalean
Markina-Xemeingo saioko bi bertsolari onenak ekainaren 10ean Saran (Lapurdi) egingo den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatuko dira.
30 taldek eman zuten izena Taldekakoan, eta guztira, 200 parte hartzailetik gora egon dira txapelketan. Ekimenak profil anitzeko partaideak batu dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Gazteak, betaranoak, aspaldi bertsotik aparte zenbiltzanak, hasiberriak…
Finala 17:00etan hasiko da. Kanporaketetan modura, taldeak gutxienez sei lagunekoak izango dira, eta gaiak hiru taldeetako gai jartzaileen artean pentsatuko dituzte. Talde bakoitzak epaile bat edukiko du, baina publikoak ere izango du zeresana.
Eguna borobiltzeko, eguerdian herri bazkaria egongo da, bazkide bik prestatuta. Horrez gain, herriko txosna batzordearen eskutik, txosna egongo da zabalik egun osoan, eta iluntzean, otartekoak ere egongo dira.
Joxpa taldearen erromeriak emango dio amaiera egunari.